Oinkari dantza taldeak dantzan jarri du herria, etxetik bada ere

Ainhoa Arozena 2020ko mar. 29a, 13:15

Gauzak ondo, dantzariek alaituko zituzten atzokoan Amasa-Villabonako kale eta plazak; Oinkari dantza taldeak urtero antolatzen duen Dantzari Eguna izango baitzen. Egoerak hala eskatuta, ordea, egun berezi hori bertan behera uztea erabaki zuten duela bi aste pasatxo.

Atzo, ordea, sorpresa! Dantzari Eguna kalean ez bazen ere, etxetik bideo bana grabatzeko deia luzatu zieten dantza taldeko dantzari guztiei. Eta erantzuna, berriz, sekulakoa! Pozarren daude ekimena martxan jarri zuten kideak. Halaxe adierazi du Oinkari dantza taldeko irakasle den Eneritz Ugartemendia billabonatarrak, “pena handia eman zigun Dantzari Eguna bertan behera utzi behar izateak, baina dantzariek etxean bada ere dantza egin zezaten, 10 segundoko bideoak grabatu eta guri bidaltzeko eskatu genien. Bat edo beste jasoko genuela espero genuen, baina ia 200 bideo iritsi zaigu”. Birtualki bada ere, dantzan jarri zuten atzo herria. Mila esker eta zorionak Oinkari!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!