Koronabirusa

Amasa-Villabonako Udalaren erakunde adierazpena, herritarrei elkartasuna adierazteko

Aiurri 2020ko api. 1a, 09:00

Amasa-Villabonako Udalak bat egiten du herritar talde batek proposatutako ekimenarekin, hau da, 21:00etan balkoieta atera eta kandela edo linterna piztuz 'Xalbadorren heriotza' kantua abestea.

Amasa-Villabonako Udalak erakunde adierazpena zabaldu du koronabirusaren ondorioak pairatzen ari direnekin elkartasuna adierazteko. Honela dio erakunde adierazpenak:

Ez dira egun errazak oraingoan bizitzea suertatu zaizkigunak, COVID-19ak edo koronabirusak sortutako osasun larrialdiak, ondorio latzak sortu ditu mundu osoan eta baita gure herrian ere. Zoritxarrez asko dira gaitz horren ondorioz gaixotu direnak eta gehiegi izaten ari dira bidean geratu direnak. Egun hauetan ikusi eta entzuten ari garen heriotzen zifrak beldurgarriak dira. Zalantzarik gabe giza tragedia izugarria sortu du birus horrek.

Amasa-Villabonara ere ondorio zitalak ekarri ditu pandemia horrek eta bi pertsona hiltzea eragin du: Fermin Aristondo Artola eta Maria Jesus San Sebastian Oyarzabal.

Heriotzak dakarren mina gutxi ez, eta gainera pandemia gehiago ez zabaltzeagatik, ezinezkoa izan da pertsona horiek merezi duten hileta edo azken agurra jaso ahal izatea, horrek dakarren sufrimendu erantsiarekin.

Amasa-Villabonako Udalaren izenean gure doluminik sentikorrenak helarazi nahi dizkiegu bi herrikideen senide eta lagun guztiei. Zuekin gaude!

Egoera honetan Amasa-Villabonako udalak honakoa adierazten du:

Udalak bat egiten du herritar talde batek sare sozialen bidez zabaldu duen deialdiarekin:

Asteazken honetan 21:00etan etxeetako argiak itzali eta balkoi edo leihoetan kandelak, linternak edo telefono mugikorretako argiak piztu eta 'Xalbadorren heriotzean' kantu ezaguna guztion artean abestea.

Udalak ekimen horretan parte hartzeko deia egiten die Amasa-Villabonako herritar guztiei.

Aipatutakoak, pandemia horren ondorio lazgarrienak dira, baina bistan da modu batera edo bestera gizarte osoa ari dela pairatzen osasun krisiak sortutako ondorioak.

Udalaren izenean gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, etxetik atera ezinik dauden haur eta familiei, beren lana alde batera utzi beharrean aurkitu diren langile guztiei, izugarrizko lana egiten ari diren osasun zerbitzuetako langile guztiei, Santio egoitzako langile, erabiltzaileei eta beren senitartekoei, elikagaiak eta medizinak falta ez daitezen lanean diharduten guztiei eta abar.

Azkenik, Amasa-Villabonako Udalak eskerrak eta zorionak eman nahi dizkie azken egun eta asteetan ezarritako arauak eta konfinamendua era masiboan betetzen ari diren herritar guztiei.

Guztion ahaleginarekin, birusa gainditzea eta bizitzak irabaztea lortuko dugu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!