Pintxo-pote musikatua Malkar plazan

Aiurri 2020ko api. 9a, 20:54

Azken boladan egun guztiak antzekoak badira ere, gaur osteguna da, eta ostegunetako ohiturari jarraiki, bizilagunen arteko pintxo-pote musikatua izan da Malkar plazan. Joan zen astean bezalaxe, hainbat musikariren kantuak entzun ahal izan dira megafoniaz; baina aurretik, auzotarrek euren musika-tresnak atera dituzte balkoi eta leihoetara. Atera eta jo, giro polita sortuz.

Besteak beste, dultzaina, txistua, trikitixa, akordeoia, tronpeta edota perkusioa entzun dira, baita auzotarrek eskainitako irrintzi eta txaloak ere. Kantuen artean, Villabonako martxa ezagunak ere izan du tarterik. Jaialdia arratsaldeko 19:30ean hasi bada, 20:00ak arte iraun dute musika doinuek. 20:00etan txaloen txanda iritsi da, osasun langileei zuzendutako eguneroko txalo zaparrada. Gaur, oraindik eta ozenago entzun dena. Beste kantu pare bat ondoren eta, esker oneko eta animo txaloak, bakoitza bere etxera itzuli aurretik. Igandean berriz ere musika-tresnak aireratzeko asmoa dute auzotarrek, etxe barrutik bada ere, kaleak, etxe atariak eta auzotarren bihotzak alaitzeko.

Bideo-edizioa: Olatz Lasa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!