Koronabirusa

Amasa-Villabonako Udalaren Erakunde Adierazpena Aberri Egunaren inguruan

Aiurri 2020ko api. 11a, 13:26

Amasa-Villabonako Udalak herritarrei balkoietan eta leihoetan ikurriña jartzeko deia luzatu die, krespoi beltzarekin hil direnen senitartekoei babesa adierazteko.

Aurtengo Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, euskal jendartea konfinamendu betean aurkitzen da eta dagoeneko gaitz honek Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik gordinena utzi digu, mila inguru euskal herritar zendu eta beste milaka gaitzak jota daudelarik.

 

Mundu mailako krisi humanitario honek, osasun publikoan sortutako ondorio tragikoez gain, alor ezberdinetan izango ditu ondorio nabarmenak. Aurrerantzean gure bizimodu eta ohituretan aldaketak eragingo ditu eta politika alorrean ere, orain arteko egiteko moduetan aldaketak eragitea espero dugu.

 

Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen osasuna, bizitza duina eta zoriontasuna mundu mailako lehentasunak izan behar direla ulertzen dugu eta gure aberriak ere erronka horiei heldu behar die.

 

Euskal Herria, euskararen herria, munduak zazpi lurralde hauetan hartzen duen izena da. Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunok, herri txiki honek munduan jokatu beharko lukeen paperaren inguruan hausnartzea; nazioa aitortzea ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitatearen garapenarekin, honen jasangarritasunarekin, auto-eraketarekin, dinamika sozialen arteko lankidetzarekin, norbere nortasuna eta gizartearen aniztasuna bateratzearekin etab.

Pertsona guztien oinarrizko eskubideen bermean, askatasun indibidual eta kolektiboetan, berdintasunean eta elkarrenganako errespetuan oinarritzen den euskal komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2020ko Aberri Egun berezi honetan.

Erabaki-guneak lurralde eta pertsonetatik hurbil egoteak, egoera zailei eraginkortasun handiagoz erantzutea ahalbidetzen du. Etorkizunean zer izan behar garen eta gure aldameneko herrialdeekin izan beharreko harremanak erabaki nahi ditugun bezala, krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei nola erantzungo diegun ere, hemen erabaki nahi dugu. Horretarako ahalmen politikoa aldarrikatzen dugu, sen demokratikoarekin.

Elkarlanean aritzeko garaia da, batera, auzolanean aritzeko garaia. Pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat etorkizun hobe bat eraikitzeko helburu garbiarekin lanean jarraitzeko prestutasun osoa dugu. 

Horregatik, 2020ko Aberri Egun honetan,

AMASA-VILLABONA-ko Udalak honakoa adierazten du:

  1. Doluminik sentikorrenak helarazten dizkiegu senitartean edo lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei.
  2. Esker mezua helarazten diegu osasun eta zaintza arloko langileei eta egoera honetan beren onena ematen ari diren herritar guztiei.
  3. Aberri Egunean krespoi beltza izango duten Ikurriña eta Nafarroako bandera jarriko dituela udaletxeko balkoian.

Udalak dei egiten die herritarrei:

  1. 12:30ean balkoi eta leihoetan minutu bateko isilunea eginez, dolua parteka dezaten osasun krisi honetan beren hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan dituzten familiekin.
  2. Ikurriña jar dezaten etxeetako balkoietan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!