Lehenik eta behin, Amasa-Villabonako udalaren izenean egindako lan bikainaren aitortza helarazi nahi dizkiegu Santio egoitzan lan egiten duten langile guztiei. Zalantzarik gabe, osasun larrialdia hasi zenetik, inplikazio eta sakrifizio izugarria erakutsi dute, baldintza gogorretan, presio psikologiko eta kezka handiarekin ari dira lanean gau eta egun. Beraien lan profesional eta zorrotzari esker, orain artean Santio egoitzan Koronabirus kasurik ez izatea lortu dute. Eskerrik asko!
Gipuzkoako adinekoen egoitzen arduradun nagusia den Foru Aldundiaren jarduna, ordea, ez zaigu horren eredugarria iruditu. Apirilaren 2an, Foru Aldundiko arduradun politiko nagusiek (besteak beste, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta Markel Olano Diputatu Nagusiak) Tolosaldea eta Goierriko udal ordezkariekin bilera telematikoa egin zuten. Amasa-Villabonako udal gobernuak bileraren aurretik Santio egoitzako egoera ondo aztertu eta bertako arduradunen iritzia jaso zuen. Foru Aldundiari eskakizun argi bat egitea eskatu ziguten: Koronabirusaren testak eginbehar zaizkie egoitzako langileei eta bertako egoiliarrei. Ondorioz, Amasa-Villabonako udal gobernutik (Irurako alkatearekin batera) eskakizun hori bideratu genuen argi eta garbi. Markel Olano berak erantzun zuen, sintomarik ez dutenei testak egitea ez dela komenigarria esanez, "negatibo faltsuak" egon daitezkeela argudiatuz. Denborak erakutsi du erantzun hura ez zela guztiz egia, orain nonahi sintomarik ez dutenei testak egingo zaizkiela entzuten dugu eta.
Ordutik ia bi aste pasa dira eta oraindik gure herriko egoitzako langile eta adinekoei test bakar bat ere egin gabe jarraitzen dute!
Ezinbestekoa eta erabat presazkoa da egoitzan lan egiten dutenek eta bertako adinekoek birusa duten edo ez jakitea. Zalantza hori ez argitzeak, kezka eta ezinegon izugarria sortzen du langileengan, egoiliarrengan eta familiengan.
Beraz, exijentzia argia egiten diegu gai honetan ardura dutenei: TESTAK EGIN BEHAR DIRA ORAIN!
Beste gai batera pasaz, suhiltzaileak behin baino gehiagotan etorri dira desinfekzio lanak egitera Santio egoitzara. Benetan txalogarria eta eskertzekoa. Baina egoitzako arduradunek ez dela nahikoa jakinarazi digute; atzealdeko terraza eta egoitzako espazio komunak desinfektatu dira eta ez egoiliarren gelak. Beraz, desinfekzioa ez da egoitzako leku guztietara iritsi eta horrek hainbat espaziotan birusaren arriskuak hor jarraitzea dakar.
Beraz, Amasa-Villabonako udaletik Santio egoitzak eta beste adinekoen egoitzek dituzten beharrak lehentasunez artatzea eskatzen dugu. Gipuzkoako eta beste hainbat lurraldetako adinekoen egoitza gehiegitan gertatu diren tragedia beldurgarriak errepikatu ez daitezen, neurri askoz ere zorrotzagoak hartu behar dira.
Dagoeneko oso berandu, beranduegi gabiltza.