'Larreatik Larreara' euskal jaiak girotu zuen larunbat arratsaldea

Aiurri 2020ko api. 19a, 17:23

Atzo arratsaldean 'Larreatik Larreara' euskal jaia antolatu zuten Larrea auzoko bizilagunek. Beste hainbat auzokiderekin batera, Aitor Landa eta Joxean Altuna aritu ziren antolatzaile lanetan, eta oso pozik daude jasotako erantzunarekin. “Oso giro polita sortu zen. Bizilagun asko txapela, zapia eta alkandora txuria jantzita, euren leiho eta balkoietara atera zen ongi pasatzeko asmoz. Ez zen falta izan, noski, antzeko jaiek eskatzen duten ‘Txotx!’ deirik”. Jarraian, igorri diguten kronika:

Auzoko musikariek hartu zuten parte, hala nola, hainbat trikitilari, panderojole, txalapartari, aho-soinu jole, irrintzilari, eta auzo guztian ongi entzuteko, norberaren telefonotik jo zuten, telefono dei baten bidez, bizilagun baten soinu ekiporaino heltzeko modua eginez. 

Lehengo igandean ospatu zen 'Larrea Auzoa Kantari' kantu-jiraren lehen edizioa, eta atzoko euskal jaian, musikarien saioen tartean, ekitaldi horren bigarren edizioa egin genuen. Aurrez abestien letrak auzokide guztien artean partekatu eta musikaren melodia zuzenean joz.

Jaian zehar, gainera, Reala eta Athleticen arteko finaleko momentu garrantzitsuenen kontaketak eta haurrentzako abestiek ere izan zuten tarterik. 

Arratsalde polita izan zen, auzotarrek auzotarrentzat egindako jaia. 18:00etan txalaparta doinuekin hasi, eta 20:00etako txaloen ostean, “Ez gaitu inork geldituko” abestia denon artean abestuz eta zuzeneko musikarekin amaitu zena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!