“Laguntzeko prest gaude, Arinduko ateak itxita egonagatik”

Ainhoa Arozena 2020ko mai. 2a, 15:00
Eli Carrasco eta Nekane Aizpun fisioterapeutak. ©Arindu

ELI CARRASCO ETA NEKANE AIZPUN FISIOTERAPEUTAK

Eli Carrasco eta Nekane Aizpun billabonatarrak Arindu zentroko fisioterapeutak dira. Berriz ere euren zerbitzua martxan jartzeko "desiratzen" daude.

Covid-19a iritsi orduko itxi zenituzten Arindu zentroko ateak… Zertan zarete egun?

Eli: Taldekako ekintzak bertan behera uztea erabaki genuen aurrena, baina segidan jabetu ginen gure jarduera osoa geratu behar genuela. Bezeroentzat nahiz guretzat segurtasuna bermatzeko nahikoa neurririk ez geneukan, eta gure azken desioa foko bat izatea zen.

Mugikor bidez erantzuten ditugu orain bezeroen deiak, ahal dugun neurrian, gomendioak emanez, eta zenbait kasutan, baita bideoen bitartez bezeroei ariketa ezberdinak proposatuz ere. Ahal den bezala moldatzen ari gara. Fisioterapeuta batzuk larrialdi kasuak artatzen dituzte, baina gure burua baliabide aldetik seguru ikusten ez dugunez, ez gara horretara ausartu. Esaterako, maskarak apirilaren 1ean eskatu genituen, eta apirila oso aurreratu arte ez genituen jaso. 

Badakigu oraindik birusa kalean dagoela itzuli beharko dugula lanera, eta asko zorroztuko zaizkigula lanerako neurriak: kutsatuta egon daitekeen bezeroaren hitzordua bertan behera utzi beharko da, tenperatura hartu, garbitasun aldetik oraindik eta neurri zorrotzagoak bete, ordutegiak moldatu bezeroak hurrengoarekin topo egin ez dezan… Egoera horri aurre egiteko gure burua pixkanaka prestatzen ari gara, eta baliabideak biltzen.

Nekane: Bestalde, konfinamenduak teknologia berriak ezagutu eta erabiltzeko aukera eman digu, plataforma berrietara egokitzekoa. Talde ezberdinetako bezeroei astero bideoak bidaltzen dizkiegu, etxean lanean jarraitzeko laguntza modura. Apirilaren 13an, ia 25 lagunek parte hartu zuen taldeko bideo-konferentzia egin genuen. Gure bezeroekin online egin genuen lehen eskola izan zen, eta asko eskertu zuten. Youtubeko kanala martxan jartzeko asmoa dugu orain, bideo laburragoak nahiz gomendioak bidali ahal izateko. Hor gaudela eta itzultzeko desiratzen gaudela adierazi nahi diegu bezeroei. 

Noizko aurreikusten duzue lanerako itzulera? 

E.: Agian maiatzean lanean hasteko moduan izango garela iruditzen zaigu; ez noski, lehengo erritmoan.

N.: Lehengo erritmora itzultzeko denbora asko beharko da, noizbait iristen bagara. Ez dakigu taldeko ekintzei begira zein arau jarriko dituzten. Bueltatzeko irrikitan gaude gu, baina ez dago erabat gure esku. Larrialdi kasuak artatzeko baimena bakarrik daukagu legez. Ez dakigu, protokoloa jarraituz, noiz iritsiko den zentroa irekitzeko aukera hori. Egoera honen aurrean beldurra daukagu, baita protokoloak aurrera eramateko ere. Eta hasiera oso gogorra izango dela aurreikusten dugu, bezeroei kosta egingo zaielako berriz ere normaltasunez etortzea.

Elkarrizketa osorik, Aiurri aldizkariaren 559 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!