“Tabernek eta dendek bizia ematen diogu herriari”

Ainhoa Arozena 2020ko mai. 3a, 15:00
Oier Larrañaga eta Alaitz Usabiaga. ©Erreka

Oier Larrañaga eta Alaitz Usabiaga Erreka taberna

Oier Larrañaga eta Alaitz Usabiaga Villabonako Kale Nagusian kokatzen den Erreka tabernako arduradunak dira. Oierrek erantzun ditu elkarrizketako galderak. Baikortasunari eutsi nahi dio momentu ilunetan ere. 

Hilabete pasatxo taberna itxita. Zer daukazu esateko?

Kalte izugarriak ekarri dizkigu. Taberna itxita, diru-sarrerarik ez eta hainbat gasturi aurre egin behar: argindarra, ura… Egoera zaila da, ez dakigu noiz izango dugun zabaltzerik ere… Ez dago ezer seguru. Diotenez, lanera itzultzen azkenak izango gara gu. Egun batetik bestera norbaitek formularen bat asmatzen ez badu behintzat, ez da lehengo diru-sarrerarik izango, gastuei aurre egiteko adinakoak badira behintzat… Ikusi egin behar.

Kanpoko terrazak ere oso erantzun ona du. Eguraldi kaskarra egiten duenean zortzi mahai ditugu kanpoan estalita, baina eguraldi ona denean paseoko bankuetan ere biltzen dira bezeroak, terraza luzatuz.

Besteak beste, etena eta zalantza ekarri dizkizue Covid-19ak. Aurrera begira, zer?

Oraindik ez digute ezer zehaztu, baina aforoa mugatu egingo dela dirudi. Tabernen kasuan ez dakit nola egin daitekeen hori, oso zaila baita. Ez dakigu saltokietan bezala egingo ote den: aurreko bezeroak eskatu arte zain egonez… Halako gauzaren batzuk esan dizkigute, baina ikusi egin behar oraindik. Era batera edo bestera, distantziari eutsi beharko zaio. Eta lehen baino gehiago babestu beharko dira oraindik barrako pintxoak. 

Gure kasuan, terraza edukitzeak lagundu egingo digu. Batik bat, barran eskatzen duena kanpora atera eta atzetik datorrenari lekua uzteko aukera izango dugu horrekin. Barruko mahaiak ezingo dira orain arteko guztiak erabili, erdira-edo mugatu beharko dugu mahai kopurua. Baina gure tabernak 100 m2 pasatxo ditu eta horrek jokoa ematen digu. 

Nola begiratzen diozu etorkizunari?

Kezkatuta, baina baikortasunetik begiratzen diot. Aterako gara noizbait, ez ote gara horrela biziko… 

Tabernan, gurekin batera, beste sei langile ditugu lanean. ERTE egoeran gaude, eta taberna itxita edukitzeagatik laguntza ere eskatu dugu. Ahal diren gastuak gutxitu egin ditugu; sarrerarik ez, baina ordaindu beharrekoak badira. Martxa honetan azkar gastatuko ditugu aurretik aurreztutako guztiak. Lanera itzultzen garenean, sei langiletatik hirura edo jaitsi beharko dugu hasieran, berriz ere martxa hartu arte. Zaila da gure egoera, baina bada gu baino okerrago dagoenik: kulturgintzako langileak, esaterako. 

Lerro hauen bidez animoak bezeroei. Izan dezatela pazientzia. Itzuliko gara lehengo erara.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 559 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

STK16: Herri krosa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!