Udalak doan banatuko ditu maskarak 65 urtetik gorako herritarren artean

Aiurri 2020ko api. 30a, 12:51

Bihar eta etzi (maiatzak 1 eta 2), 65 urtetik gorako herritarrei, Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileei, eta egoera ekonomiko larria bizi duten familiei maskaren doako banaketa egongo diela jakinarazi du Amasa-Villabonako Udalak. Banaketa hau herriko boluntario sarearen laguntzarekin egingo da. 

Joan zen astelehenean, herritar batek 3.500 maskaren donazioa egin zion udalari eta horri esker, udalak maskara horien doako banaketa egitea erabaki du maiatzaren 1ean eta 2an. "Udaletik, Amasa-Villabonako herriaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiogu donazio hau egin duen herritarrari. Asko eskertzen dira horrelako elkartasun ekimenak. Mila esker!", jakinarazi dute.

Herritar guztiei banatzeko adina maskara kopururik ez dagoenez, udalak honako herritar taldeei soilik banatzea erabaki du, pertsona bakoitzari 3 maskara helaraziz:

  • 65 urtetik gorako herritarrei (arrisku talde nagusia delako).
  • Gizarte zerbitzuetako erabiltzaileei.
  • Egoera ekonomiko larria duten familiei.

Igandetik aurrera adineko pertsonak kalera irteteko aukera izango dutela ikusirik, modu honetan 65 urtetik gora dituzten herritarrek kalera segurtasun handiagoarekin irteteko aukera izango dute. 

ETXEZ ETXEKO BANAKETA. Herriko boluntarioen sarearen laguntzari esker etxez etxe banatuko dira maskarak.

  • 80 urtetik gorakoei, gizarte zerbitzuetako erabiltzaileei eta egoera ekonomiko larria duten familiei, etxez etxe banatuko zaizkie.
  • Amasa, Aldapeta, Agaraitz, Legarreta, Otsabi eta Otelarre auzoetan bizi diren 65 urtetik gorako herritarrei ere, maskarak etxez etxe banatuko zaizkie. 

AUZOKAKO BANAKETA. Herriguneko 6 puntutan, banaketa postuak ezarriko dira, bertan herriko boluntarioek maskarak eskura banatuko dituzte.

  • 65-80 urte bitarteko herritarrei, herriko auzoetan ezarriko diren banaketa postuen bidez banatuko zaizkie maskarak. Bakoitzak bere auzoko mahaira jo beharko du.

ORDUTEGIA: Maiatzak 2 larunbata, 11:00-13:30

Banaketa puntuak:

  • Arroako plaza: Arroa, Etxeondo
  • Larreako paseoan: Larrea auzoa
  • Oriamendiko plazan: Oriamendi, Errota
  • Malkar plaza: Kale Berria
  • Errebote plaza: Nagusia, Santio, Aldude, Pilotari
  • Anbulatorioa: Txermin, Erniobea, Altzin
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!