Iratzarren inguruko mezuak idatzi eta zintzilikatzeko deia

Aiurri 2020ko mai. 7a, 19:53

Auzitegi Nazionalak Iratzar elkartea ixteko erabakiaren aurrean, 'Zer da zuretzat Iratzar?' ekimena jarri dute abian elkarteko kideek. Herritarren egunerokoan Iratzar tabernak zer esan nahi izan duen ezagutarazteko gonbitea luzatu dute maiatzaren 8tik 10era bitartean.

Auzitegi Nazionala, jende ugariren elkargune izan den Iratzar elkartea kolpatzeko asmoz datorrela salatu dute elkarteko kideek, "azken urteetan gure bizitzaren zati garrantzitsu izan dena, sozializaziorako gunea, algararako parada, parrandarako eta goseak asetzeko oasia, musika ona eta ez hain ona entzuteko aukera eman digun taberna itxi nahi dute. Itxi eta lapurtu!".

Egoera horren aurrean, herritarrei dei egin diete. Herritarren salaketa ozen entzun dadin nahi dute, eta maiatzaren 8tik 10era bitartean, post-itetan edo folioetan mezuak idatzi ondoren, Iratzar kanpoko paneletan zintzilikatzera gonbidatu dituzte herritarrak, "herriko tabernak herritarrei zer eman dien edo haientzat zer izan den azalduz, mezuak idatzi eta Iratzar kanpoko paneletan zintzilikatzera gonbidatzen ditugu, erosketak edo kirola egitera ateratakoan. Entzun gaitzatela! Herrikoak herrian eta Libre!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!