Udal gobernuak Foru Aldundiak hartutako erabakia salatu eta aldaketak eskatu ditu

Aiurri 2020ko mai. 14a, 16:24

Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa murrizteko hartutako erabakia dela eta, Amasa-Villabonako Udal gobernuak ezadostasuna erakutsi eta aldaketak egiteko eskatu du.

Gipuzkoako Aldundiak ofiziala egin du Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa %20 murriztuko duela. Datu hori Amasa-Villabonara ekarrita, praktikan udalak gutxienez 854.331,40€ gutxiago izango dituela salatu dute Udal gobernuko kideek, "bere jarduna burutzeko". Eta horrek udal aurrekontu osoaren %12,45eko murrizketa ekarriko lukeela adierazi dute.

"Hilabete bat baino gehiago pasa da Markel Olano Ahaldun Nagusiak Udal Foru Fondoa (UFF) %20-25 tartean jaitsiko zela lehen aldiz adierazi zuenetik". Amasa-Villabonako Udal gobernuak ordutik Gipuzkoako ogasunetik azalpen bat bera ere jaso ez izana salatu dute, eta udalen finantziazioan eragin izugarria izango duen erabakia aldebakartasunez eta udalak kontuan hartu gabe hartu izana tamalgarria dela gaineratu.

"Udalok demostratu dugu herritarrengandik gertuen gauden erakundeak garela eta COVID-19aren krisi garai gogor honetan zailtasun guztien gainetik lehen lerroan herritarren beharrei erantzunak ematen aritu garela". Aldundiak udalak penalizatu egin nahi izan dituela ere gaineratu du.

Bestalde, Amasa-Villabonako alkatetzaren ustez, "ondorio larriak sortuko dituen erabaki hori Finantzen Kontseilua bildu aurretik hartu izana errespetu falta izugarria da Gipuzkoako udalekiko eta organo ezberdinekiko".

Hori guztiagatik, Amasa-Villabonako Udal gobernuak eta zehazki Beatriz Unzue alkateak Gipuzkoako Foru Aldundira  gutun bat bidaltzea erabaki zuen atzo.

Honakoak dira Beatriz Unzuek Foru Aldundiari bideratu dizkion eskaera edo proposamenak:

  1. Atzera bota dezala UFFF bueltatzeko onarturiko erabakia.
  2. 2020ko aurrekontu aurreikuspenak bere horretan manten ditzala udalentzat.
  3. Zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz, UFFFaren beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea 2021ean hasita, inongo interesik gabe.
  4. Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioiko diru-laguntza bidera dezala udaletara COVID-19aren krisiak sorturiko gain-kostuak arintzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!