Ekonomiako sektore ezberdinetan eragin zuzena izan du koronabirusak. Zuenean ere nabaritu al duzue ondoriorik?
Bi produktu nagusi ekoitzi eta saltzen ditugu guk; gazta eta arkumea. Arkumearen salmentan nabaritu genuen lehen eragin ezkorra. Urteroko salneurrietan ari ginen arkumeak saltzen, martxoa erdialdera arte. Momentu horretan hasi ziren esaten arkumeak ez zuela irteera onik, eta prezioa jaitsi beharra zegoela. 3,15 eurotik, 2,55 eurora jaitsi zuten. Gu Larsadi kooperatibako kide gara. Ardi latxaren arkumeak saltzeko kooperatiba da Larsadi, eta guk, bere txarrean, arkumeak saltzea lortu dugu. Artzain asko arkumeak atera ezinik geratu dira. Oparituta ere, inork ez zien arkumerik eramaten. Araba aldean gertatu dira horrelakoak. Horrelakoetan, bakoitzak bere irtenbidea bilatu behar izan dio arazoari.
Eusko Jaurlaritzak sei milioi euroko laguntza onartu zuen, artzainei laguntzeko zela esanez. Laguntza horiek zuzenean sektorera bideratu ordez, arkumeak Eroski eta Uvescora bideratzeko modua zabaldu zuten. Artzainek, beti bezala, miseria bat jaso dute arkume bakoitzagatik, eta dirua saltoki handi horietan geratu da.
Egoera kaxkarra beraz, artzainentzat...
Gaur egun, eta ez koronabirusagatik bakarrik, ekoiztea kostatzen den diruaren azpitik ari gara saltzen arkumeak. Gabonen bueltan uzten du margen txiki-txiki bat, hortik kanpora, galera ematen digute.
Gaztari dagokionez, zer moduz ari zarete saltzen?
Salmenta ia erabat geratuta egon zen. Gure kasuan behintzat, halaxe gertatu zen. Gure salmentaren %85a zuzenekoa da. Jendea etxera etortzen da gazta erostera eta koronabirusak ekarri zuen alarma egoeran, ia inor ez zen etorri etxera. Oraintxe hasi dira lehen bezeroak etxera gerturatzen, baina lehen aste luzetan, ez genuen gazta alerik ere saldu. Harategi eta denda txikiren batean ere saltzen dituzte gure gaztak eta hori mantendu egin da. Bestalde, turismoak ere eragin handia izaten du Idiazabalen. Bisita gidatuak egiten ditugu gure etxean, baina hori ere erabat geldirik egon da. Aste Santua erdiz erdi harrapatu digu eta turismo boladarik indartsuena izan behar zuena, hutsean geratu zaigu. Salmentetan eragin zuzena izan du horrek ere, noski.
Zuzeneko salmentan oinarritzen zarete zuek...
Bai, horixe da gure filosofiaren oinarrietakoa. Ekoizten dugun produktua zuzenean bezeroari saltzen diogu, edo bestela, denda txikietan.Denda handi horietan badakigu zer dagoen. Haiek euren negozioari bakarrik begiratzen diote.
Kontsumitzaileak dauka giltza. Pixka bat gehiago ordainduz, jaten duen horren kalitatea bermatuko luke eta ekoizle txikiak babestu. Denda handietara joaten direnean ere, ordaindu egiten dute produktua eta, ez gutxi. Diru hori, ordea, ez zaio iristen ekoizle txikiari eta hor dago akatsa. Arkumea 14-15 euron ari dira saltzen denda handi horietan, eta artzainak 2,55 euro jasotzen du. Zergatik jaso behar du, ezer egin ez duenak, diruaren zatirik handiena?Zuzeneko erosketan sinetsi behar du kontsumitzaileak, edo bertako generoa saltzen duen denda txikietan. Hortxe dago giltza.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Momentuz ez du ikuspegi polita eskaintzen. Nolanahi ere, Euskal Herriak lehen ere pasa izan ditu momentu txar askoak, eta atera gara. Oraingoan ere aterako gara, noski. Daukaguna daukagu, eta elkarri laguntzen badiogu lortuko dugu aurrera egiten. Administrazioari egokitzen zaio neurri egokiak hartzea. Gizarteari esan nahi nioke bertako produktuak zuzenean erosiz hasten dela benetako herrigintza. Ekoizleari berari, edo bertako produktua eskaintzen duten denda txikietan erostea da aukerarik onena, herriak aurrera egin dezan.
Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 560 zenbakian
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.