Koronabirusa

"Ardura psikologiko handia sentitu genuen, hasieran behintzat"

Ainhoa Arozena 2020ko mai. 18a, 10:11

Uxoa Elustondo Arzallus erizaina.©Uxoa Elustondo

Uxoa Elustondo Arzallus Erizaina

2008az geroztik Tolosako Asuncion klinikan egiten du lan Uxoa Elustondo Arzallus billabonatarrak. Erizaina da barne-medikuntza, kardiologia, neurologia eta neumologiako solairuan.

Zertan aldatu zuen COVID-19ak zuen egitekoa?

Koronabirusaz gaixotutako pazienteak arnas-patologia duten gaixoak dira, eta guk, bestela ere, normalean arnas-arazoak dituzten pazienteak ere artatzen ditugunez, pazienteari eman dizkiogun zainketak ez dira horrenbeste aldatu. Ezberdintasun nagusia babes neurriena izan zen. Babes-uniformea nola jantzi, nola erantzi, eskularruekin eman beharreko pausoak… Edozer gauza ukitzeko kontu handiz ibili behar izan dugu, baita material guztia erabili-aldi bakoitzean desinfektatu behar ere. Gauzak automatikoki egitera ohituta geunden, eta aldatu egin da orain hori guztia. Eta noski, kezka eta presioa sortu zigun horrek guztiak, hasieran batez ere. Egokitu artean oso neketsua izan zen pauso guztietara ohitzea. 

COVID-19agatik kutsatutako pertsonak neumologiako solairuan artatzen hasi ginenean, isolatutako gune bat sortu genuen. Hasiera batean positibo eman zutenak eta zalantzazko kasuak solairu berean zeuden. Baina kasuak gehituz joan ahala, gune berriak egokitu behar izan genituen. Hala, positibo ematen zuten guztiak gure solairuan artatzen genituen, susmagarriak beste solairu batean, eta negatiboak beste batean. Dena den, egun bakoitza ezberdina zen, eta egunero moldatu behar genuen egoera berrira. Positiboak ugaritzen joan ahala gure planta gaixoz beteta eduki genuen bolada batean, 27 izateraino. Ohiki egiten ditugun zainketak eta gehiago egiten genituen positiboekin. Lehenengo egunetan bereziki, egoera berrira egokitu beharraren aurrean sekulako presioa sumatu genuen. Uniformearen gainetik EPIa jantzita, maskara, betaurrekoak eta pantaila aurpegia babesteko. Gudu-zelaiko lehen lerroan aritu gara. Pazienteak logelatan, telebista piztuta eta COVID-19aren ondorio kaltegarriak zeintzuk diren entzuten. Denak etxean itxita eta gu hemen lehen ilaran lanean, egoera berri honen aurrean zalantzaz eta arduraz beteta. Kezka eta beldurra lana ondo egingo ote  genuen, kezka eta beldurra   kutsatzeko arriskuaren aurrean ere. 

Egoera berria eta presioa. Bizitza eta heriotza, hortxe mugan…

Ingresatu eta positibo eman zuten lehen paziente ugari hil egin zen: lehen sei positiboetatik erdiak. Egoera oso gogorra zen. Bakarrik ikusten genituen, ezin baitzuten ingurukoen bisitarik jaso… Ardura psikologiko handia sumatu genuen, hasieran behintzat.

Egunerokoan ohituta gaude heriotzarekin lan egiten. Tratamenduari erantzuten ez diotenean eta gaixoaren bizi-kalitatea ona ez denean, senideek hala onartuta, sedazioa jartzen diegu hainbatetan gaixoei, lasaitasunez buka dezaten. Ohituta gaude heriotzarekin lan egiten bai, baina COVID-19az gaixotutakoak gaizki ikusi ditugu, bukaera gogorra izan dute askok. Hiltzera zihoazela konturatzen ziren haietako asko. 

Gaixoek ezin zuten bisitarik jaso, baina azkenetan sumatzen genituen gaixoen familiako kideei deitu egiten genien etortzeko eskatuz. Kasu batzuk oso gogorrak egin zaizkit. Hiltzen ari zen amak alabari musua eskatu eta alabak ezin musurik eman amaren heriotzean, esaterako… Lanean indarra atera egiten da, baina halako kasuen aurrean oso eraginda itzultzen nintzen etxera. Negar batean aritzen nintzen gero. 

Pandemia honen egoerarik gordin, gogor eta injustuena hiltzea egokitu zaien pertsonen nahiz haien familiena izan da. Ezin agur duinik egin, ezin musurik eman… Oso egoera gogor eta mingarriak iruditzen zaizkit. Gertuko bat galdu eta hura agurtu gabe geratu ondoren, ingurukoen babesa ere ezin sentitu. Hori baino egoera gogorragorik ez dago. 

Jende asko hil da COVID-19aren eraginez, baina baita sendatu ere. Eta gertutik ezagutu duzue zuek hori ere…

Gure kasuan behintzat, gehiago dira sendatu eta etxera itzuli direnak, birusagatik hil direnak baino. 

Tolosan lan eginda, eskualdeko herritar asko artatzea egokitu zaizu. Nola bizitu duzu egoera hori?

Poza sentitu dut sendatuta etxeratu den gaixo bakoitzeko. Kezka eta beldurra ere bai, paziente berriak iritsi orduko; are eta gehiago ezagunak egokitu zaizkidanean. Bakoitzaren aurrekarien arabera ere sintomak bortitzagoak izan daitezke gaixotasun honen aurrean, eta kasuren batean gaizki pasa nuen. Baina ondo atera dira gehienak.

Elkarrizketa osorik, maiatzaren 14 eta 15ean harpidedunen artean banatu zen 561 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!