Dakizuen bezala, Kilometroak proiektua bizi-bizirik dago eta Zubimusu Ikastolako komunitatea gogotsu dabil lanean Pauxak hegalak ahalik eta gehien zabal ditzan eta geure pilota ahalik eta urrutien jaurtitzeko aukera izan dezagun. Horregatik, Kilometroak proiektua osatzen duten taldeek etxetik lanean segitzen dute, etenaldirik egon ez dadin.
Denok dakigu Kilometroak proiektuan abestiak eta bideoklipak garrantzi handia dutela, eta horregatik, aurkezpen-ekitaldi berezi bat egiten dela horiek plazaratzeko. Aurten, aurkezpen hori apirilaren amaieran egiteko asmoa genuen, baina, bizi dugun egoerak hala bultzatuta, ezin izan dugu halakorik egin.
Bideoklipa oraindik ez dugu prest, baina abestia bukatuta dugu, eta Kilometroak proiektua bizirik dagoen adierazgarri, abestia plazaratzea erabaki dugu. Abestiaren doinua Xabi Zubeldiak egin du eta hitzei dagokienez, Amaia Agirrek jarri dizkio hitzak abestiari.
Abestiaren aurkezpen-ekitaldia online izango da, eta zuzenean emango dugu ostiralean, hilak 29. 12:00etan aurkezpen bideoa zabalduko dugu eta 12:15etan abestia, hurrengo plataforma hauetan: Facebook, Instagram, Twiter, Youtube, Soundcloud eta kilometroak.eus webgunean.
Larunbatean, berriz, abestia herritarrei aurkeztuko diegu: 12:00etatik aurrera. Amasa-Villabonan eta Zizurkilen barrena ibiliko da Pauxa autoz abestia plazaratzen, guztiok abestiaz gozatzeko aukera izan dezagun, baina, betiere, segurtasun-neurriak errespetatuz eta autoaren inguruan jenderik pilatu gabe.