16 urtetik gorako Aiztondoko herritarrek erosi ditzazkete kontsumo bonoak, hala nola Amasa-Villabonako, Zizurkilgo, Adunako, Larraulgo, Asteasuko eta Alkizako herritarrek. Hamar euroko bonoak dira, eta hiru aukera daude: 20 euro ordainduta 30 euroko bonoa eskuratuko da, 50 euro ordainduta 70 euroko bonoa eta 70 euro ordainduta 100 euroko bonoa. Pertsona bakoitzak 10 bono eros ditzazke gehienez ere.
Kontsumo bonoen bitartez Amasa-Villabonako Udalak 30.000 euro ipini ditu COVID-19aren ondorioz itxita egon diren merkatariei laguntzeko helburuz. Dagoeneko 120 pertsonek baino gehiagok erosi dituzte kontsumo bonoak, 1.000 bonotik gora. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, "ikusten dugu Amasa-Villabonako herritarrok nahi dugula Amasa-Villabona berriz berpiztuarazi eta danon artean lortuko dugu".
Herritarren gustuko ekimena dela ez dago zalantzarik. Izan ere, gaur 10:00etan irekitzen ziren erabilera anitzeko ateak kontsumo bonoak erosteko eta alkateak azpimarratu du 09:40etarako jada herritarrak ilaran zeudela bonoak erosteko.
Ekainaren 30 arte erosi daitezke kontsumo bonoak astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etatik 19:30etara, Amasa-Villabonako udaletxeko erabilera anitzeko gelan, liburutegi ondoan. Ahal dela kreditu txartelarekin ordaintzea eskatu du udalak, eskudirua ekiditeko.
Kontsumo bonoen erabilera
Kontsumo bonoak banaka edota batera erabil daitezke, baina erosketek gutxienez 10 euroko balioa eduki behar dute, eta kopuru horretara ez bada iristen aldea ez da eskudirutan itzuliko. COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz itxita egon diren komertzioetan gastatu ahalko dira bonoak. Bonoak ez dira eskudirutan trukatuko eta behin erosita ezingo dira itzuli.
Irailaren 30 arte gastatu daitezke bonoak ondorengo komertzioetan:
Merkatariak ere pozik
13:00etan zenbait merkatari hurbildu dira udaletxeko erabilera anitzeko gela aurrera Beatriz Unzue alkatearekin batera, eta Amasa-Villabonako Udalak martxan jarritako kontsumo bonoen ekimena pozik hartu dutela esan dute. Bertan izan da Arantxa Mujika Garintza mertzeriko arduraduna eta jada goizean bezero bat joan zaio kontsumo bonoarekin. "Udala egiten ari den lana izugarria da. Eta ez da soilik bonoena, diru-laguntza ere badugu denda itxita eduki dugunontzat; eta ez da gutxi, gainera, beste herri batzuekin alderatuta".
Herritarrak erosteko gogoz gaudela gehitu du Mujikak eta bihartik aurrera kontsumo bonoen erabilera indarra hartzen joango dela pentsatzen du.