Ekainaren 10ean zabalduko da berriz ere Behar Zana elkartea

Aiurri 2020ko eka. 8a, 17:12

Asteazkenetik aurrera, ekainak 10, zabalduko ditu ateak berriz ere Behar Zana elkarteak. Alarma egoeraren baitan, noski, hainbat jarraibide kontuan hartu beharko dute bazkideek. Jarraitu beharreko pausoak ezagutarazteko bilera informatiboa egin zuten atzo elkartean, bi txandatan. Jarraian, araudi berriaren hainbat puntu:

Bazkideen erantzukizunak

  • Bazkideek edo haiekin datozen lagunek bete beharreko protokoloa erreserba egiten duen bazkidearen ardura da, eta hortaz, kexa edo erraklamazioren bat egonez gero, bazkideari erreklamatuko zaio. 
  • COVID-19ren sintomekin ezingo da elkartera etorri. 
  • Bestalde, bazkide edo bere lagunaren bat elkartera etorri ondoren (14 eguneko epean), COVID-19rekin gaixotuko balitz, zuzendaritza batzordeari informatuko beharko lioke, lokalaren desinfekzioa egiteko. 
  • Hori gertatuko balitz, zuzendaritza batzordeak jakinaren gainean jarriko lituzke bazkide guztiak.

 

Jarraitu beharreko protokoloa

  • Ordutegiari dagokionez, ohiko ordutegiak mantenduko dira, asteartetan izan ezik. Egun horretan garbiketarik egiten ez denez, elkartea itxita egongo da.
  • Garbitzaileak azalera guztia desinfektatuko du egunero, Eusko Jaurlaritzak luzatutako gomendioak jarraituz. Tartean, aire egokitua ere desinfektatu egingo da elkarte ireki baino lehenago.
  • Elkartearen edukieraren %50a erabil daitekeenez, 78 pertsonarentzako lekua utzi da: mahaien artean bi metroko tartea mantenduta. Edukiera hori osatzeko adina aulki utzi da elkartean.
  • Bazkide bakoitzak mahai bakarra erreserba dezake betiko epearekin. 
  • Hauexek eskura dauden aukerak: 

-6 pertsonarentzako 3 mahai.

-12 pertsonarentzako 5 mahai.

  • Ondorioz, bazkari edo afari bakoitzean, gehienez 8 bazkidek egin dezakete erreserba. Bazkideak, mahaia aukeratzeko garaian, mahaikideen kopurura hobeto egokitzen den mahaia hartuko du, eta bazkide bakoitzak mahai bakarra erreserba dezake bazkari edo afari bakoitzeko. Bazkidearen ardura izango da otordua prestatu, mahaia jaso eta kafeak zerbitzatzea.
  • Elkartera sartzen den pertsonak eskuak garbitu beharko ditu sarreran egongo den gelarekin. 
  • Sukaldearen erabilerari dagokionez, bazkideak bakarrik sartuko dira sukaldera: laguntzailerik gabe. Maskarekin sartu behar da derrigorrez, eta sukaldean zortzi pertsona egon daitezke gehienez. Bertara sartu aurretik, eskuak garbitu behar dira sarrerako gelarekin, eta sukaldeko atea zabalik egongo da beti. Sukaldeko trapuen ordez papera erabiliko da. Gauza bera aurreko-mantalekin ere. Erabilera bakarreko plastikozko mantalak jarri dira bazkideen eskura.
  • Jangelari dagokionez, mahaia erabili aurretik eta ondoren, garbitu egin beharko da, baita erabilitako aulkiak ere. Horretarako elkarteak eskura utziko dituen desinfektantea eta papera erabiliko dira. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!