AMLU, belarritako esklusibo eta bereziak

Amets eta Lurgi Zalakain ahizpak, AMLU ekimenaren sortzaileak.

Lurgi eta Amets Zalakain ahizpek badute ekimen berri bat esku artean. AMLU izena du, eta oraingoz, belarritakoak ditu oinarrian.

Konfinamenduaren hasieran jarri zuten abian AMLU, martxoaren amaieran. Sortzaileak dira bi ahizpak, eta elkarrekin ekimenen bat martxan jartzeko gogoa zuten aspaldidanik. “Lurgik izan zuen ideia. Ni orduantxe Arte Ederrak ikasketak amaitu berritan eta ostalaritzako lana utzita nengoen”, adierazi du Ametsek. Lurgi dagoeneko, belarritakoak egiteko teknika berezi hori erabiltzen zuten diseinatzaileen lanei begia jarrita zegoen Interneten. “Ideiak baditut, baina ideia horiek gauzatzeko denbora falta zait oraintxe. Gaia azaldu orduko animatu zen Amets ahizpa, eta aurrera egitea erabaki genuen”, dio. Gustura ekin diote bideari. Diseinu bereziko belarritakoak egiten dituzte, PLA materiala erabiliz. “Jatorri begetaleko plastiko biodegradagarria da: patata eta artoaren almidoitik ateratako materialarekin osatzen dena”. Hemen inguruan ez da oraindik oso material ezaguna, ezta teknika ere.

Plastikozko filamentua biribilkian jasotzen dute. “3D inprimagailuak biribilkia hartzen duenean, beroaren bitartez urtu, eta bigundutakoan, ordenagailuan programatutako diseinua lantzen du inprimagailuak. Jartzen diogun plastikoaren kolorearekin sortzen du guk eskatutako forma, kapaz kapa, hoztu eta berriz solido bihurtzen denean”. Guztiz bide berria da bi ahizpentzat, baina gustura ari dira lanean, eta pozik daude izan duten harrerarekin. Kaori Faktorian bertan, web orrian edota Instagramen dituzte salgai. Udari begira bilduma berria osatuko dute, orain artean aukeratutako koloreei beste bi berri gehituz. 

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 562. zenbakian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!