Kontsumo bonoen salmenta abiadura bizian doa

Aiurri 2020ko eka. 10a, 16:37

Amasa-Villabonako Udalak martxan jarritako kontsumo bonoen kanpainak harrera bikaina izan du herritarren artean. Arduradunek jakinarazi dutenez, ia 9.000 bono saldu dituzte dagoeneko, eta beste 1.000-1.500 bono besterik ez da geratzen.

Kanpainan zehar 10.500 eta 11.000 bono artean banatuko dira guztira. Bonoak finantziatzeko Amasa-Villabonako Udalak jarritako 30.000 euroak amaitzen direnean, utziko diote bonoak saltzeari. Ekimenaren arduradunek aurreikusi dutenez, egun gutxi barru buka daitezke bonoak, "Udalak hasiera batean, bonoen salmenta ekainaren 30 arte luzatuko zela jakinarazi bazuen ere, salmentaren erritmo azkarraren ondorioz, data hori baino lehen amaituko dira bonoak", adierazi dute. Ondorioz, kontsumo bonoak eskuratu nahi dituzten herritarrei udaletxeko arkupeetan kokatuta dagoen salmenta puntura lehenbailehen gerturatzeko gomendioa luzatu diete. Gainerakoan, bonorik gabe geratzeko aukera izan baitezakete. 

Bonoak eskuratzeko bulegoak goizez 10:00etatik 13:00etara ,eta arratsadez, 16:30etik 19:30era egongo dira zabalik, esan bezala, udaletxe azpiko arkupeetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!