Andoni Egaña eta Jon Ostolazaren 'Neretik' ikuskizuna larunbatean, Amasako elizan

Aiurri 2020ko eka. 11a, 17:19

Amasa-Villabonako kultura sailak, kultura pantailetatik kalera eta ohiko aretoetara ateratzeko garaia iristen ari den honetan, datorren larunbaterako, ekainak 13, konfinamendu ondorengo lehen kultur ekintza antolatu du Amasako elizan, iluntzeko 20:00etan: Andoni Egaña bertsolariaren eta Jon Ostolaza trikitilariaren arteko 'Neretik' ikuskizuna, hain zuzen.

Era berean, udan zehar, ekintza gehiago izango dela ere jakinarazi dute. Eta denboraz emango dutela haien berri.

Bertsoa eta musika uztartuko ditu larunbateko 'Neretik' ikuskizunak. Bertan, Andoni Egaña bertsolariak aspaldi idatzita zeuzkan bertso sorta batzuei osotasuna eman, eta, Jon Ostolaza trikitilariaren laguntzaz, jendaurrean aurkeztuko ditu. Askotariko gaiak ukitzen ditu bertsoetan Egañak: umearoa, erretzailetasuna, maitemina, gatazkaren inguruko bere ikuspegia, arreba,...

Egoera bereziaren baitan, segurtasun neurri bereziak hartu beharko dira ikuskizunera gerturatzeko. "Alde batetik, aforoa mugatua izango da, eta 80 lagun baino ezin izango dira elizan sartu. Musukoa edo maskara jantzita eraman beharko da, elizara sartzeko eta ateratzeko garaian, baina kentzeko aukera egongo da nor bere tokian esertzen den momentutik aurrera. Emanaldia 20:00etan hasiko da, baino 15 minutu lehenago joatea eskatzen da eta, era berean, guri laguntzeko egongo diren langileen argibideak jarraitzea", adierazi du Joxean Cubero, kultura saileko arduradunak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!