Agortu dira Amasa-Villabonako kontsumo bonoak

Aiurri 2020ko eka. 12a, 11:44

COVID-19aren krisiagatik denda itxita eduki behar izan duten merkatariei laguntzeko Amasa-Villabonako Udalak martxan jarritako kontsumo bonoen ekimenak herritarren erantzun paregabea izan du, eta Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, bonoak agortu egin dira dagoeneko.

Azaldu dutenez, "hasiera batean, bonoak saltzeko epea ekainaren 30era artekoa bazen ere, erritmo bizian joan da salmenta, eta ekainaren 11rako denak agortu dira. Gauzak horrela, udaletxeko salmenta bulegoa itxita egongo da hemendik aurrera".

Era berean, jakinarazi dute Udalak ekimen honetara bideratutako 30.000 euroko aurrekontua amaitu egin dela, eta guztira 10.000 bono banatu direla bailarako biztanleen artean. "Beraz, kanpaina honen bitartez, gutxienez, 100.000 euroko kontsumoa bideratu da parte hartu duten herriko 32 dendetara". 

Amasa-Villabonako Udalak merkataritza sektoreari bultzada bat emateko helburuarekin jarri du martxan ekimena, eta bere poza adierazi nahi du herriak eman duen erantzunagatik. Era berean, eskerrak eman nahi dizkie bonoak erosiz herrian bertan kontsumitu duten guztiei, parte hartu duten dendariei eta ekimen honetan buru-belarri aritu diren udal langileei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!