Amasa-Villabonako elkartasun sarea antolatzeko batzar irekia

Aiurri 2020ko eka. 15a, 15:53

Amasa-Villabonako Udalak egoera ekonomiko larriagatik gizarte bazterketa arriskua bizi duten herritarrei laguntzeko, elkartasun sare herritarra egituratzeko asmoa du. Ondorengo deialdia igorri dute, asteazken iluntzerako -ekainak 17-, bilerara gerturatzeko gonbita eginez.

COVID-19aren krisiaren garairik zailenetan, herritar ugarik gehien behar zutenei laguntzeko boluntario gisa lan egiteko prestutasuna azaldu zuen. Udalak dinamika solidario horri jarraipena emateko aukerak aztertu nahi ditu, etorkizunean ere gehien behar duten herritarrek boluntarioen laguntza eta babesa izan dezaten.

Bide batez, udalak bere eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie konfinamendu garaian herriko adinekoei eta dependentzia dutenei erosketak egiten laguntzen aritu diren herritar boluntario guztiei. Eskerrik asko! Harro gaude egin duten lanaz.

Azken hilabeteetan elikagai bilketa eta banaketarekin ere argi geratu da, egoera zaurgarrian dauden pertsonen alde lan egiteko prest dauden herritar ugari daudela Amasa-Villabonan, eta aurrerantzean dinamika horrekin jarraitu ahal izateko baliabideak jartzeko prest dago Udala.

Auzolana eta bolondres lana izango dira elkartasun sarearen ikur eta ezaugarri nagusiak eta udalak momentu bakoitzean beharko liratekeen baliabide eta tresnak martxan jarriko lituzke.

Guzti honi buruz hitz egiteko, udalak batzar irekia deitu du:

Ekainak 17 asteazkena, 19:00etan udaletxeko batzar aretoan.

Gerturatzeko asmoa izanez gero, beharrezkoa da aurrez izena ematea:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!