Santio Txapelketa 2020

Santio Pilota Txapelketako final-laurdenak ekainaren 30ean hasiko dira

Aiurri 2020ko eka. 19a, 12:08

Ekainaren 30ean, 18:30ean, ekingo zaie Nagusi Mailako Eskuz Binakako Santio Txapelketako final-laurdenei. Final handia uztailaren 11n jokatuko da Bear Zana pilotalekuan, 18:30an.

Azken urteetan Euskal Herri mailako 24 bikotek parte hartu duten arren, aurtengo egoera dela eta, Gipuzkoako eta Villabonatik gertu bizi diren 8 bikotek hartuko dute parte. Urtero txapelketa Santio festen baitan amaitzen den arren, aurten finala uztailaren 11n jokatuko da, nahiz eta datozen ekitaldiak festen baitan jokatuko diren berriz ere. Txapeldunek ez dute gabonetan jokatzen den Antton Pebet Elite mailako oroimenerako txartela eskuratuko.

Behar Zana elkartearen oharra
Behar Zana elkartetik honako oharra helarazi dute sare sozialen bitartez:

"Koronabirusa dela eta, txapelketa antolatzeko baldintzak oso zorrotzak dira eta erantzunkizun handia eskatzen dutenak. Hala ere, guztien laguntzaz txapelketa arazorik gabe ospatzea espero dugu.

Arau bereziak egongo dira ikusle, pilotari, epaile zein antolatzaileentzat. Guztiek osasun baldintza egokian daudela ziurtatu beharko dute eta horretarako, protokolo ezberdinak bete beharko dituzte.

Txapelketaren antolakuntzatik, guztiei erantzunkizunez jokatzea eskatuko zaizue.

Pilotaren alde lanean jarraituko dugu".

Ikusleentzako oharrak

  • Partida guztiak Bear Zana pilotalekuan jokatuko dira.
  • Pilotalekuak aforo murriztua izango du.
  • Eserlekuen artean distantzia mantendu beharko da.
  • Ikusle guztiei sukarra neurtuko zaie.
  • Ikusleek pilotalekura sartu aurretik eskuak gel bereziaz garbituko dituzte eta maskarilla erabiltzea derrigorrezkoa izango da gutxieneko distantzia mantentzen ez bada.
  • Ezingo dira pilotalekuko komunak erabili.

EKAINAK 30, ASTEARTEA 18:30

Final-laudenak
Urmeneta-Aranguren
Etxezarreta-Arrate

Urbieta II-Ormazabal
Torre-Atxa

UZTAILAK 2, OSTEGUNA 18:30

Final-laudenak
Elola-Etxeberria
Urkizu-Labaka

Artetxe-Odriozola
Eskudero-Urruzola

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!