Komizar parkea garbi mantentzeko kontrol neurriak hartu ditu Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2020ko eka. 19a, 15:54

Argazkia: Amasa Villabonako Udala.

Komizar parkea zaborrez eta hondakinez zikinduta agertu dela ikusita, Amasa-Villabonako Udalak kontrol neurriak ezarri ditu parkea garbi mantentzeko.

Hauek dira Amasa-Villabonako Udalak ezarri dituen kontrol neurriak:

  • Komizar parkeko mahaiak zenbakitu egin dira, mahai bakoitzak bere zebakia izango duelarik.
  • Udaltzaingoko agenteak bertara joango dira eta mahai bakoitzeko arduradun bat identifikatuko dute. Ondoren, ordu batzuk igarota, udaltzainak berriro joango dira parkera, egoera ikuskatzera.
  • Mahai horretan edo inguruan zikinkeria edo hondakinak antzematen badira, dagokion isuna ezarriko zaio identifikatua izan den pertsonari.

Udaltzaingoak mahai bakoitzean karteltxoak ezarri ditu neurri horien berri emateko. Hondakinen arazoa ez bada konpontzen, udalak ez du baztertzen neurri zorrotzagoak ezartzea eta parkera kotxez igotzea galaraztea.

Bestalde, udalak gogorarazi du debekatuta dagoela sua egitea horretarako ezarritako parriletatik kanpo. Izan ere, behin baino gehiagotan ikusi da sua lurrean egin dela.

Udalak arduraz jokatzeko deia egin nahi die Komizarko eta ingurune naturaletan kokatutako beste espazio publikoetako erabiltzaileei. Inguru naturala errespetatu eta zaindu behar da, sortzen diren hondakinak jasoz eta edukiontziak erabiliz. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!