Aurtengoan ez da Irrintzi elkartearen Garagardo azokarik izango

Ainhoa Arozena 2020ko eka. 26a, 13:08

Iazko Garagardo azokako argazkia, Txermingo ikastola azpian.

Irrintzi elkarteko kideek joan zen larunbatean egin zuten batzarrean, aurten Garagardo azokarik ez antolatzea erabaki zuten, “jende asko biltzen denez, eta segurtasun neurririk berma ezin daitezkeenez, aurtengo azoka bertan behera uztea erabaki da. Datorren urterako indarrak hartuko ditugu bai guk, eta baita kanpotik etortzen direnek ere. Ea hurrego urtean posible den”, adierazi du Dorleta Aranburu Irrintziko lehendakariak.

Bestalde, hainbat neurri zehaztu ondoren, joan zen ekainaren 10ean zabaldu zituzten Irrintzi elkarteko ateak bazkideentzat. “Mahaien arteko distantzia moldatu egin dugu, eta protokoloa ere osatu dugu: sukaldean sukaldari kopuru mugatua aritu daiteke lanean, maskara erabilita, eta elkartera sartutakoan, gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dira eskuak”, adierazi du lehendakariak. Protokolo hori jarraituz, dagoeneko hasi dira bazkideak elkartera gerturatzen, “Gutxi oraindik, pixkanaka”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!