Merkatariek eskertza eskaini die Amasa-Villabonako Udalari

Aiurri 2020ko uzt. 1a, 13:49

Oria Merkatarien Elkarteko kideak bildu dira Errebote plazan udalari beren eskertza adierazteko.

Covid-19aren aurrean merkatariei laguntza eskaintzeagatik egin diete omenaldia Oria Merkatarien Elkarteko kideek Villabonako Udalari. Udalak merkatariekin zuen bilera aitzakiatzat hartuta, bildu dira merkatariak Errebote plazan 13:30ean.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Xabat Laborde alkateordea plazara jaitsi direnean, agurra dantzatu diote bi dantzariek. Ondorenean, merkatariek landutako bertsoa abestu diete eta azkenik lore-sorta eta oroigarria oparitu dizkiete.

Emozionatuta geratu dira udaleko bi ordezkariak eta orain artean bezala merkatarien ondoan lanean jarraituko dutela adierazi dute biek, Amasa-Villabona komertzio txikirik gabe ez delako herri bat aitortuz.

Bertsoa

Doinua: Habanera

Egun batetik bestera
dena iluntzen denean
herriko denda guztiak
isteko itomenean
ez da argirik ikusten
tunelaren barrenean
eskerrak Villabonako
Udalak duen bermean
bono laguntzak eskainiz
lagundu duen lanean
herritik ta herriarentzat
eredu bat azkenean
eusten gaituen sare bat
eraikiz elkarlanean
mila esker komertzio
txiki denen izenean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!