Kultur egitarau berezia antolatu dute uztailerako Amasa-Villabonan

Beatriz Unzue alkateak, Joxean Cubero kultur saileko arduradunak eta Garazi Bengoetxea kultur zinegotziak uztailerako prestatuta duten egitarau berezia aurkeztu dute gaur arratsaldean Amasa-Villabonako Udalean.

Beatriz Unzue alkateak kultura sektoreak bizi duen egoera larria aipatuz ekin dio prentsaurrekoari, “COVID-19aren krisiak oso gogor kolpatu ditu gure kultur sortzaileak, antzezleak, musikariak eta abar, hilabete luzetako geldialdia ekarri baitu. Hori nabarmen geratu zen euskal kulturgintzak apirilaren 21ean eta 22an egindako greban. Guk, udal gisa, bat egin genuen greba harekin, egoeraren larritasuna konpartituz”. Amasa-Villabonako Udalak, martxoko eta apirileko programaziorako hitzartuta zeuden emankizunak bertan behera utzi beharrean, atzeratu, eta udazkenean eskaintzeko ahalegin berezia egin nahi izan dutela adierazi du alkateak, “eta ia kasu guztietan lortu egin dugu, gainera”. Bestalde, uztaileko kultur eskaintza berezi hau Berpiztu Amasa-Villabona ekimenaren baitan kokatzen dutela ere jakinarazi du, “hilabete luzetan kulturaz bertatik bertara gozatzeko aukerarik gabe egon gara. Orain, aukera zabaldu denean, berriro ere eskaintza mahaiaren gainean jarri nahi izan diegu herritarrei, gure kaleak piztu eta alaitu daitezen. Zentzu honetan, kale antzerkia edota aire libreko zinema emanaldiak azpimarratu nahiko genituzte berritasun nagusi gisa. Gure ustez, kultur programa zabala, anitza eta oso erakargarria aurkezten dugu, eta herritarrak animatzen ditugu gerturatu eta gozatzera”.

Kultur basamortua gainditu nahian

Joxean Cubero kultur teknikariak, uztailaren 2an (bihar, alegia) hasi eta uztailaren 31ra bitarte arte luzatuko den kultur programazioa aurkeztu du segidan. “Dakizuen bezala, jai batzordeak Santio jairik ez izatea erabaki zuen aurten, baina Santio egunaren inguruan kultur ekintza batzuk egitea erabaki zen. Horiez gain, kultur sailetik egitarau zabal eta askotarikoa osatu dugu, azken hilabeteotan pairatu dugun kultur basamortu hau gainditu nahian”. Antzerkia, aire libreko zinema eta musika emanaldiak iragarri ditu, eta ia ikuskizun guztiak kalean eskainiko direla jakinarazi du, “helduentzako antzezlan bat izan ezik, kalean izango dira gainerako emanaldi guztiak: Erreboteko plazan edo Arroako plazan. Euria egingo balu, Txermingo ikastola azpian”. Arduratsu jokatzeko deia luzatu du Joxean Cuberok, “guretzat ezinbestekoa baita segurtasuna. Pandemia honetarako jarri diren segurtasun neurriak bete behar ditugu, eta horregatik ikuskizunak eskainiko diren esparru guztiak hesituta egongo dira. Aulkiak jarriko dira esparruaren barruan, eta barruan diren pertsonek soilik ikusi ahal izango dituzte ikuskizunak. Esparruaren barruan aulki multzoak ere jarriko dira, elkarrekin bizi diren pertsonak batera eseri ahal izateko. Esate baterako, haurren ikuskizunen kasuan, hiru aulkiko multzoak jarriko dira, baita bikoak eta batekoak ere. Helduen kasuan, berriz, bikoak eta bakarkakoak”. Emanaldietara gerturatzeko ezinbestekoa izango da maskara jantzita etortzea, eta behin aulkian eseritakoan kendu ahal izango da. “Metro eta erdiko distantziara jarriko dira aulkiak, eta behin eseritakoan, ikuskizuna lasai ikusteko kendu ahal izango dira maskarak. Amaieran, aulkitik altxatzerakoan jantzi beharko dira berriro”.

Kale antzerkiari dagokionez, bi primizia izango direla aurreratu du kultur teknikariak, “ez dira Villabonan estreinatuko, baina bi kale antzezlan labetik atera berriak izango ditugu. Horietako bat, Markeliñe taldearen Psike helduentzako ikuskizuna: uztailaren 12an estreinatu ondoren, 17an aurkeztuko da Villabonan. Eta Agurtzane Intxaurragak zuzentzen duen Hika antzerki konpainiaren Tonbola ikuskizuna era gure artean izango dugu”. Bestalde, zinemari dagokionez, haur, gazte nahiz helduei zuzendutako aukera eskainiko dutela nabarmendu du, “kasu honetan ezingo dugu estreinaldirik eskaini: filmak estreinatu ondoren gutxienez urtebete pasa behar baitu kalean eman ahal izateko. Guk zorionez, zinema aretoa badugunez, aukera izan dugu aurrez film horiek ikusteko”. Bukatu aurretik, irailera begira hitz egin du, “ez nuke amaitu nahi irailean berriz ere kalean izango garela aipatu gabe. Irailean hasiko dugu berriz ere bai antzerki eta bai zinema programazioa. Dena ondo bidean, aretoan hasiko gara, eta baita kalean ere. Dantza zirkuituko bi ikuskizun izango ditugu kalean: Aukeran eta Dantzaz konpainiak".

Udako kultur programazioa

Uztailak 2, osteguna

  • Sardiña bakalau kale antzerkia (Anita Maravillas). Arroako plaza, 19:00etan.

Uztailak 3, ostirala

  • Errementari zinema kalean (euskaraz / 16+). Errebote plaza, 22:30ean.

Uztailak 9, osteguna

  • Sex o no sex helduentzako antzerkia (Virginia Imaz). Gurea zinema, 22:00etan.

Uztailak 10, ostirala

  • Ha nacido una estrella zinema kalean (gaztelaniaz / 12+). Errebote plaza, 22:30ean.

Uztailak 16, osteguna

  • Howdy taldea musika emanaldia. Errebote plaza, 20:00etan.

Uztailak 17, ostirala

  • Psike (Markeliñe) helduentzako kale antzerkia. Errebote plaza, 22:30ean. Eguraldi txarrarekin, Bearzana pilotalekuan.

Uztailak 23, osteguna

  • Habi taldea musika emanaldia. Errebote plaza, 20:00etan.

Uztailak 24, ostirala

  • Ballerina zinema kalean (euskaraz). Arroako plaza, 19:00etan.

Uztailak 26, igandea

  • Luis eta estralurtarrak zinema kalean (euskaraz). Arroako plaza, 19:00etan.

Uztailak 31, ostirala

  • Lo dejo cuando quiera zinema kalean (gaztelaniaz / 16+). Errebote plaza, 22:30ean.

 

Santio egun berezia

Uztailaren 25erako hainbat ikuskizun antolatu du Amasa-Villabonako Udalak. Guztiak distantzia neurriak errespetatuz, eserita ikusteko modukoak.

  • Kontu Kantari 2 haurrentzako kale antzerkia (La enana naranja). Txermingo ikastola azpia, 12:00etan.
  • Amak taldea musika emanaldia. Arroako plaza, 19:30ean.
  • Tonbola helduentzako kale antzerkia. (Hika). Errebote plaza (eguraldi txarrarekin, Bearzana pilotalekua), 23:30ean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!