“Nortasun handiko herria izan da beti Amasa-Villabona”

Ainhoa Arozena 2020ko uzt. 24a, 08:34

Beatriz Unzue alkatea, udaletxeko balkoian.

Beatriz Unzue Esnaola Amasa-Villabonako alkatea

Konfinamenduaren ostean, herria bizirik mantentzen asmatu du Amasa-Villabonako Udalak. Bertan behera geratu diren Santio jaien bezperatan hartu du hitza Beatriz Unzue alkateak.

Luzea izan da konfinamendua. Zer moduz bizitu duzu?

Goizetik gauera bizitza aldatu zitzaigun, egun guztia etxean igaro beharra... Erabaki asko hartu behar izan genuen korrika eta presaka, inolako informaziorik gabe. Dena itxi behar izan genuen: frontoi, jolas-parke… Bestalde, etxeko sukalderaino sartu zitzaigun guri ere birusa. Aita gaixotu egin zen, eta berrogeialdia bete behar izan nuen. Martxoaren 24tik Aste Santuak igaro arte, hiru astez egon nintzen bakartuta. Ni ondo egonagatik, inpotentzia handia sentitu nuen: etxetik ezin atera, aita ingresatuta, ezin amarengana joan… Egoera zaila izan da, tristea. Hala ere guk konta dezakegu, eta alde horretatik gustura. Baina bestelako kasu asko izan da: Villabonan bertan bi persona joan zaizkigu COVID-19aren ondorioz. Oso garai gogorrak bizitu dituzte haien senitartekoek. 

Etxetik aritu naiz udaletxeko lanetan. Telefonoz harremanetan mantendu gara taldekideak, eta lan handia egin dugu.

Konfinamenduaren baitan, boluntario taldea martxan jarri, eta hamaika ekimen bideratu zenuten… 

Betidanik esan dugu gure lehentasuna pertsonak direla. Eta oraingo honetan oso garbi erakutsi dugula uste dut. Nolabait herritarrei laguntzen hasi behar genuela pentsatu genuen. Taberna eta jatetxeak itxita zeuzkaten ostalariei, zabor, terraza nahiz urari zegozkien zergak kenduz lagundu genien. Onddo gazte asanbladak bultzatuta sortu genuen boluntario taldea, eta herritar askok eman zuen izena erosketak egin eta banatu, txakurrak pasiatu edo bestelako eginbeharretarako. Etxe barruan, konfinamendu egoera betean geundenean, etxeko txikienei begira zer edo zer egitea ere garrantzitsua iruditu zitzaigun, eta ‘Amavi Erronka’ ekimena jarri genuen martxan. Erantzun bikaina izan zuen, eta asko eskertu ziguten haur nahiz helduek. Gimnasia saioak ere eskaini zituzten herriko hiru gaztek: Gorka Kamio, Jon Amiama eta Oihan Lopetegik. Hainbat bideo egin zuten, etxe barruan izan arren, herritarrak mugiarazteko... Talde lanaren emaitza izan da guztia. Batek ideia bat bota, hurrengoa besteak, eta aurrera egin dugu, guztion borondate onarekin. Trikitilarien kalejirek ere oso harrera ona izan zuten konfinamendu garai gogorrenean. Jota eta Lierni, babes neurriak hartuta, kalez kale ibiltzeko prest azaldu ziren. Kalejira haiek herritarrengan sortu zuten poza jakitera, lehenago hasiko ginen agian.

Ostalariak aipatu dituzu, baina berehala erantzun zenieten merkatarien zailtasunei ere, kontsumo-bonoen kanpaina abian jarriz. Erantzun bikaina izan du ekimen horrek ere…

Badakigu COVID-19aren aurretik ere merkataritza kolpatutako sektorea zela, eta egoera honek ez dio batere lagundu. Merkataritzak ematen dio bizia herriari, eta argi ikusten genuen bultzada eman behar zitzaiola. Herrian ez ezik, Aiztondo bailaran ere zabaldu genuen bono kanpaina, eta erantzun bikaina izan zuen. Bonoak erosteko aukera hilabete osoan zehar eskaintzea pentsatu bagenuen ere, hamabost egunetan agortu ziren. 30.000 euroko diru-lerroa jarri zuen udaletxeak, eta oso pozik gaude izan duen erantzunarekin. Udazken-negu partean beste kanpainaren bat martxan jartzea pentsatzen ari gara.

Herritarren aldetik erantzun borobila, zer esanik ez merkatarien aldetik ere. Esker ona publikoki erakutsi baitzizueten uztailaren 1ean eginiko omenaldian…

Bai, sekulako ezustekoa! Egun hartan bilera hitzartuta genuen Oria merkatari elkarteko kideekin eguerdian, dendak itxitakoan. Oso sorpresa polita eta hunkigarria izan zen. Hitzik gabe geratu ginen. Plazan Xabat Laborde zinegotzia eta biok egon baginen ere, omenaldi hura taldekide guztiontzat izan zen. Halako esker onek indarrez betetzen gaituzte, egiten dugun lanak merezi duela erakutsi, eta lanean aurrera jarraitzeko gogoa pizten digu.

"Kultura behar dugu, eta kultura behar gaitu"

Udal bezala, aurrean ibili zarete kultur ekitaldiak antolatzerakoan ere. Kultur egitarau zabala osatu duzue uztailerako…

Kulturak egoera honetan jasan dituen kalteak ikusita, are eta bultzada handiagoa eman behar zaio orain. Amasa-Villabonan kultur egitarau indartsua eduki dugu beti. Hainbat emanaldi bertan behera geratu zen COVID-19aren ondorioz, eta berriz ere haietako gehienak lotu egin ditugu uztailean zehar edo udazken aldera eskaintzeko. Ez dugu kultura alde batera utziko: guk kutura behar dugun bezala, kulturak ere gu behar gaituelako. Uztaileko egitaraua oso aberatsa dela uste dut. Saiakera handia egin dugu, eta ekimen ugari izango da. Haur eta helduentzako antzezlan eta musika emanaldiez gain, aire libreko zinema berreskuratu dugu, garai bateko ohiturari eutsiz.

Udaletxeko aurrekontuak egokitzera behartu zaituzte egoera honek. Zein aldaketa nagusi aipatuko zenuke?

Gipuzkoako Foru Funtsatik %20 gutxiagoko laguntza jasoko dugu Gipuzkoako udaletxe guztiek. Amasa-Villabonari dagokionez, 854.331,40 euro gutxiago jasoko dugu, guztira 6.000.000 euro pasatxoko aurrekoantuaren baitan. Ondorioz, aurrekontua hartu eta puntuz puntu aztertu genuen alde batera zein asmo utzi erabakitzeko. Argi geneukan beharrik handiena Gizarte Zerbitzuetan zegoela, eta hara bideratu dugu zatirik nagusiena. Badakigu lorategi bat aurten konpon ezin badaiteke itxaron dezakeela, baina pertsonek ezin dute itxaron. Beraz, oso garbi izan dugu Gizarte Zerbitzuetara bideratuko genuela behar zen guztia. 

Gainerako herrietako jaiak bezalaxe, bertan behera geratu dira aurtengo Santioak ere. Haatik, hainbat ekintza antolatu duzue uztailaren 25erako. Zein dei luzatuko zenieke herritarrei data berezi hauen atarian? 

Normaltasun arraro honetan ezin genuen udaletxe bezala aurreko urteen pareko jairik antolatu, eta jai batzordeak garbi ikusi zuen erabaki hori hartu behar zela. Jaiak bertan behera utzi arren, Santio egunean behintzat ekintzaren bat egitea adostu genuen: goizean umeentzako kale antzerkia, arratsaldean Amak musika taldearen emanaldia, eta gauean helduentzako kale antzerkia. Badakit oso zaila dela, baina jendeari zentzuz jokatzeko eskatu nahi diogu, mesedez. Gogorra da, baina goazen bakoitza gure aldetik jartzera: gure osasuna baita lehentasuna.

Bi dei luzatu nahi ditut: batetik, ez etorri Amasa-Villabonara festa eta parranda egitera, ez baita horrelakorik egongo. Bestetik, jaien ordezko plan alternatiborik ez osatzea eskatzen diegu herritarrei. 10 lagunetik gorako kuadrillatan bildu, eta batetik bestera ibiltzea debekatuta dagoela gogorarazi nahi dugu.

Zein neurri hartuko dira, esaterako, tabernetako ordutegiei dagokionez? Balizko jende pilaketen aurrean? 

Tabernariekin bildu, eta festarik izango ez zela jakinarazi genien. Uztailaren 23tik aurrera goizeko 01:00etan itxiko dira tabernak. Hainbat tabernarik erabaki hori bere kabuz hartuta zeukaten aurrez, eta tabernari horiek erakutsitako ardura txalotu egin nahi dugu. Espero dugu herriko tabernari guztiak modu berean jokatzea eta herritarren osasuna lehenestea, norberaren interes ekonomikoen gainetik. Prebentzio neurri horrek sektorean ondorio kaltegarriak sortuko dituela jakitun garen arren, askoz hobea iruditzen zaigu orain neurri hori ezartzea, ondoren, birusaren zabalpena medio, are neurri zorrotzagoak hartu behar izatea baino. Noski, tabernak ixtean, jendea kaleetan taldetan bilduta geratzea saihestu behar da, ez baitugu ezer lortuko tabernak ixtearekin, ondoren jendea kalean pilatzen bada.

Jende pilaketen gaia kudeatzea oso zaila da: esaterako, ezin baititugu gaueko pilaketak kontrolatu. Gazte nahiz heldu, guztiok daukagu festarako gogoa. Baina zentzuz eta arduraz jokatzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei.

"Goazen gure aldetik jartzera: osasuna baita lehentasuna"

_____________________

LABURREAN

Zer ikasi duzu Amasa-Villabonako alkate gisa?

Babes eta laguntza handia sentitu dut. Alkate batek, noski, ezin du herria bakarrik aurrera atera. Talde bat gara eta denon artean egin dugu lan hori: taldekide nahiz herrigintza, elkarlanean. 

Aldatu al da herriarekiko zure ikuspegia azken urte honetan?

Beti izan naiz kaleko persona, eta hasiera batean kalean egoteko denborarik eza botatzen nuen faltan zertxobait. Gerora lortu dut hori ere, eta herritar gehiagorekin harreman zuzenagoa dut orain: gazteekin bezala, helduekin.

Zein da Amasa-Villabonaren indargunea?

Nortasun handiko herria izan da beti Amasa-Villabona, egoera zailetatik ateratzen jakin duen herria. Agerian geratu da oraingo honetan ere.

Zer lortu nahiko zenuke alkate gisa datozen hiru urte hauetan? 

Lehen urtea oso positiboa izan da, eta berdin jarraitu nahiko nuke datozen urteetan ere. Herritarrak herrian geratzea lortu nahiko nuke, haiek baitira herriaren muina. Herritarrik gabe ez dago herririk. Orain arteko bide beretik jarraitu behar dugu aurrera: denok gure aldetik jarriz.

Elkarrizketa osorik irakurgai Aiurri hamaboskariaren 565 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!