“Herriak bizirik mantentzeko denda txikiak behar dira”

Tere Sarasola eta Lierni Ormazabal, Sahatsa belar-dendako langiletako bi dira.

Kale Berriko 50. zenbakian kokatzen da egun Sahatsa belar-denda. Ia 40 urteko historia du atzean, eta egundaino belar-dendak izan duen eboluzioaz eta egun duen lekuaz hitz egin dugu Tere Sarasola eta Lierni Ormazabalekin.

Zenbat urte igaro dira Sahatsa belar-denda ireki zenetik?

Tere Sarasola: Ana Mari San Sebastianek denda zabaldu zuenetik izango dira 40 urte jada, 38 behintzat bai. Belar-dendako produktuak inork gutxik ezagutzen zituenean. Oso ausarta izan zen. Leku ezberdinetan kokatu da denda. Txermin auzoan lehenengo, Kale Nagusiaren erdi parean gero,  Kale Nagusia 13an ere bai. Beste lokal bat ere bazuten Errota kalean, eta egungoa ireki zela bederatzi urte beteko dira uztailean. 2011n ireki zen. 

Hasieratik egundaino erabat aldatuko ziren bai bezeroen erosteko ohiturak eta bai belar-dendako produktuak ere, ezta?

T. S.: Dena. Sahatsa belar-dendan hamalau urte daramatzat lanean, eta elikadura produktu gutxi eskaintzen genuen hasieran, bestelako produktu eta sendabelarrak gehiago… Oso-oso desberdina. Egun janaria askoz ere gehiago saltzen da. Duela hamar urte granelean saltzen hasi ginen. Hasieran bost bat produkturekin, eta egun hogeitik gora ditugu. Eta oraindik ere gehiago hazten ari da. Lehen dendan biltegi gisa genuen txokoan, egun apalak jarri ditugu, irinak, haziak… jartzeko.

Nolakoak izan dira konfinamenduko egunak?

T. S.: Konfinamendua hasi zenean eromena zen nagusi. Eta pentsatzen duzu, egoera honetatik ere ikasiko dugula denda txikietan erosten; baina batzuk ahazten hasiak dira.

Lierni Ormazabal: Dendariaren eta bezeroaren gertutasun hori alor batzuetan galtzen ari da.

Dietista zara, Lierni. Zein da egin izan ohi dizuten kontsultarik ohikoena belar-dendara etortzean?

L. O.: Denetatik dago. Egia da egun komunikabideetan asko lantzen dela gaia, eta zer ikusi duten esaten dizute. Adibidez, super-elikagaien inguruan jende askok galdetzen du nola hartu behar diren, Interneten informazio asko baitago. Orokorrean, jendea oso gauza jakinetara etortzen da.

Elkarrizketa osorik: 565 Aiurri hamaboskarian

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!