Argiteria publiko berria, Villabonatik Arratzainera igotzeko bidean

Aiurri 2020ko uzt. 15a, 11:59

Amasa-Villabonako Udalak argiteria publiko berria ezarri du Villabonako Txermin auzotik Arratzain baserrira, Fleming herri eskolara, futbol zelaira eta Otelarre auzoko etxebizitzetara igotzeko dagoen oinezkoen bidean. "Hirigintza saileko inbertsio honekin, udalak beste aurrerapauso bat eman du bai energia kontsumoan, eta baita emakumeen segurtasuna bermatzeko puntu ilunen  desagerpenean", adierazi dute udaletxetik.

Orain arte, puntu iluna

Bide honek orain arte ez zuen inolako argiztapenik, eta puntu ilun nabarmena zen. "Gainera, bide hau jende dezentek erabiltzen du; futbol entrenamendura joaten diren gaztetxoek, ikasleek, Otelarre auzoko hainbat bizilagunek... eta udalak egindako inbertsio berri honekin, ondo argiztatutako bidea da eta segurtasunean asko irabazi du", jakinarazi dute udaleko kideek.

Kontsumo gutxiko argiteria

Argiteria publiko honetan LED teknologiadun argiak jarri dira faroletan; kontsumo gutxikoak izateaz gain, energia eraginkortasun egokia dute. Guztira, 16 argi-puntu edo farola berri ezarri dira. "Aipatzekoa da hauek ezartzeko obra udal brigadako langileek egin dutela, udalaren baliabide propioak erabiliz. Bestalde, proiektu hau herriko argindar kontsumo publikoaren eraginkortasuna bermatzeko martxan dagoen energia planean ere jasota dago".

Emakumeen segurtasuna bermatzea helburu

Inbertsio berri hau, udalak martxan duen puntu ilunak identifikatu eta desagerrarazteko garatu duen plangintzaren baitan kokatzen da, eta, batez ere, emakumeen segurtasuna bermatzea du helburu. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!