Zentzuz eta arduraz jokatzeko deia, bertan behera utzitako Santio jaien atarian

Ainhoa Arozena 2020ko uzt. 21a, 12:35

Aurten ez da Santio jairik izango, eta egun gogoangarri horien atarian, prentsaurrekoa eskaini dute eguerdian Amasa-Villabonako udal ordezkariek. Hain zuzen ere, Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde nahiz Arantxa Lopez zinegotziek une honetan lehentasun bakarra, herritarron osasuna dela gogorarazi dute.

COVID-19aren berragerpenaren aurrean, Amasa-Villabonako udal ordezkariak kezkatuta agertu dira. "Birusak gure artean jarraitzen du, pandemia ez dugu gainditu, eta ezinbestekoa da guztiok arduraz jokatzea eta segurtasun neurriak behar bezala betetzea", adierazi du Beatriz Unzue alkateak. Zentzu horretan, beti maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta jende pilaketak saihestea eskatu du. "Kezkaz bizi dugu batez ere gaueko parranda giroari lotuta, gazteen artean ematen ari den birusaren zabalpena eta hori Amasa-Villabonan ere gerta ez dadin neurriak hartzera behartuta ikusi dugu gure burua. Izan ere, inon ez gaude COVID-19aren agerpen eta zabaltzeetatik salbu".

Aurten ez da Santio jairik izango

Santiotako jai batzordeak aurten jai egitaraurik ez osatzea eta jaiak bertan behera uztea erabaki zuela jakina da dagoeneko. Udal ordezkarien ustez zentzuz eta ardura osoz hartutako erabaki egokia izan da, "ez baikaude festa eta ospakizunetarako". Beatriz Unzue alkateak uztailaren 24ti 31ra Villabonan jairik izango ez dela adierazi du, eta ondorengo deiak egin ditu: "Batetik, ez etorri Amasa-Villabonara festa eta parranda egitera, ez baita horrelakorik egongo. Bestetik, jaien ordezko plan alternatiborik ez osatzea eskatzen diegu herritarrei. 10 lagunetik gorako kuadrillatan bildu, eta batetik bestera ibiltzea debekatuta dagoela gogorarazi nahi dugu".

Tabernen ordutegia mugatzeko erabakia

Udalak Amasa-Villabonako ostalaritza establezimenduen ordutegiak mugatzea erabaki du, eta halaxe aurreratu du alkateak: "Uztailaren 23tik aurrera (egun hori barne), gehienez ere goizaldeko 01:00ak arte mantendu ahal izango dira tabernak zabalik, eta ordu horretan derrigor itxi beharko dute".

Hainbat tabernarik erabaki hori bere kabuz hartuta zeukatela ere adierazi du Beatriz Unzuek, eta tabernari horiek erakutsitako ardura txalotu nahi izan dute. "Espero dugu herriko tabernari guztiak modu berean portatzea eta herritarren oasuna lehenestea, norberaren interes ekonomikoen gainetik". Era berean, prebentzio neurri horrek sektorean ondorio kaltegarriak sortuko dituela jakitun direla ere azaldu du, "baino askoz hobea iruditzen zaigu orain neurri hori ezartzea, ondoren, birusaren zabalpena medio, are neurri zorrotzagoak hartu behar izatea baino. Noski, tabernak ixtean, jendea kaleetan taldetan bilduta geratzea saihestu behar da, ez baitugu ezer lortuko tabernak ixtearekin, ondoren jendea kalean pilatzen bada".

Arduraz jokatzeko deia

Aipatutako eskaerak eta neurriak inoren gustukoak ez direla ere aipatu du alkateak, "eta guretzat ere ez da batere erraza izan horrenbeste maite ditugun herriko jaiei muzin egin behar izatea. Baina guztion osasuna jokoan dagoenean, ezin diogu arduragabekeriari inolako zirrikiturik utzi". 

Eskaera zuzena eginez amaitu du Beatrizek Unzuek, "mesedez, izan gaitezen arduratsuak eta bete ditzagun segurtasun neurriak zorrotz, hori izango baita birusa geldiarazteko modurik eraginkorrena. Konfinamendu garaian erakutsi genuen gizarte arduratsu eta serioa garela, ez dezagun orduko ahalegina alferrik galtzen utzi".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!