Udalak haurren zaintza eta familia kontziliaziorako dirulaguntza berriak jarri ditu martxan

Aiurri 2020ko uzt. 23a, 08:45

Uztailaren 21ean egin zen Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzordean aho batez onartu zen "COVID-19ak zaintza eta kontziliazioaren eremuan eragindako egoerak arintzeko laguntza lerroa" izeneko dirulaguntza berria. Dirulaguntza berri honen oinarriak Amasa-Villabonako Udalaren web orrian kontsulta daitezke.

Aurtengoan, COVID-19aren krisiaren eraginez ohiko udalekuak antolatzeko aukerarik gabe geratu zen udala, eta egoera horrek herriko hainbat haurren zaintzan eta familien kontziliazioan eragin kaltegarria sortu duela jakitun dira udal ordezkariak. "Arazo honen aurrean udal gobernuak erreakzionatu egin zuen eta haurrak zaintzeko zaintzaileen kontratazioa laguntzeko dirulaguntza lerro berri bat prestatu eta onartzeko lanari ekin zion uztailaren hasieran", adierazi dute. Udaleko alderdi politiko guztien babesa izan du aipatu dirulaguntza-lerro berriak.

Laguntza-lerro honen helburua, familietan lana eta haurren zaintza uztartu ahal izateko laguntza bat eskaintzea da.

Familia eta lana uztartzeko laguntza hauen bidez, seme-alabei (duten adinagatik), arreta emateko eta haiek zaintzeko pertsonen kontratazio gastuen zati bat konpentsatu nahi da. Honekin batera zaintza eremuko lanak kontratu bidez lotzea ahalbidetu nahi da, egoera prekarioetan eta kontraturik gabe lan egin ohi duten pertsonen egoera erregularizatuz, lan baldintzak hobetuz eta bide batez enplegua sustatuz.

Laguntzen zenbatekoa

Kontratazioa egiten duen familia-unitatearen errenta estandarizatua kontuan hartuta, ondorengo dirulaguntzak banatuko direla jakinarazi dute:

Irabaziak

 

Kontratuaren gastuagatik jasoko duen portzentaia

0€ - 40.000€ra arteko sarrerak


%50

40.000€ - 60.000€ra arteko sarrerak


%30

60.000€ - 70.000€ra arteko sarrerak


%20

   

Kontratatutako pertsonaren kontratu gastu bezala ulertuko dira haren soldata gordina eta onuradunari dagozkion gizarte segurantzari ordaindutako kotizazioak.

Eskaerak aurkezteko epea

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea deialdi hau GAO argitaratu eta hurrengo egunetik abenduaren 15era bitartekoa izango da.

Eskaerak aurkezteko modua eta lekua

Udaleko webgunean bertan topatu datekeen inprimakia behar bezala bete ondoren, elektronikoki aurkeztu ahal izango dira udalaren erregistro elektronikoan, e-postaz zuretzat@villabona.eus helbidean edo aurrez aurre Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (behe solairua, Erreboteko plaza z/g).

Dirulaguntzaren zuriketa

Dirulaguntzak zuritzeko, egindako ordainketaren(en) ordaingaria(k) aurkeztu beharko dira eta eskatzailearen titularitatea egiaztatzen duen kontu-korronteko ziurtagiria.

Dirulaguntzaren zuriketa 2021ko urtarrilaren 15a baino lehen gauzatu beharko da.

Dirulaguntza jasotzeko modua eta unea

Onartutzat ematen diren dirulaguntzak, ordainketa bakarrean ordainduko dira, onuradunaren kontu- korrontera transferentzia eginez, beti ere 2021ko urtarrilaren 15etik otsailaren 15era doan epearen barruan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!