“Gora goaz adinean, eta gero eta zailagoa da halako distantziak egin beharra”

Ainhoa Arozena 2020ko uzt. 23a, 15:30

Maritxu Salaberria billabonatarra Emilio Salaberria presoaren arreba da. Maite Ortiz eta Pello Zelarain, berriz, Oskar Zelarainen gurasoak. Senideak bisitatzera joateko, distantziak eragindako zailtasunen inguruan aritu dira, besteak beste.

Urte asko daramate Emilio Salaberriak edo Oskar Zelarainek espetxe ezberdinetan preso. Emilio Salaberriak 18 urte daramatza, hain zuzen. Bost espetxe igaro ditu urte hauetan guztietan, eta Duesoko presondegian dago egun (Santoña, Kantabria). Maritxu arrebak, hirugarren gradua egokitzen zaiola adierazi du, “Donostian egon beharko luke dagoeneko. Izan ere, zigorraren hiru laurdenak bete ditu dagoeneko, eta hala egokitzen zaio adinagatik ere. Ez diote baimen hori ematen, ordea, eta erabakiaren zain gaude. Hirugarren gradua eskuratuta Donostira etorriko litzateke, eta bertan eskatutako arauak bete beharko lituzke, agian lotara soilik espetxera joanez. Hori lortu nahian gabiltza, errazagoa izango bailitzateke guztiontzat”. Konfinamendu garaian anaiak bisitarik izan ez duela azaldu du, ezta bideo-deirik ere. “Lauzpabost eguneko baimenak izan zituen konfinamenduaren aurretik, baina irteerarik gabe geratu zen COVID-19aren ondorioz. Telefonoz hitz egin dugu zortzi minutuz egunero, besterik ez. Gogorra izan da Emiliorentzat gertuko inor ikusi gabe hainbeste denbora igaro beharra. Gainera, erorketa baten ondorioz, bakartuta egon da denbora batean”. 

18 urte preso daramatza Oskar Zelarainek ere. Frantzian egin zituen lehenengo 6 urteak, eta 2008az geroztik Madrilen nahiz Castellonen egon da. Berriki Castellon I espetxetik Castellon IIra aldatu dute. Nahikoa espetxe berria da azken hori, eta espetxe berriak zorrotzagoak direla diote gurasoek. “Konfinamendu garaian aldatu dute espetxez, eta modulua eman aurretik, zortzi egun isolatuta igaro ditu zelda barruan, atera ere egin gabe. Konfinamendu garaian telefonoz hitz egiteko aukera izan dugu, baina ez du deirik ere izan isolatuta egon den tarte horretan. Gerturatzen hasita, 70 kilometro soilik gerturatu dute, eta egoera berrira egokitzen ari da”.

Adinean gora

Ia lau hilabete igaro dituzte senideek bisitarik gabe, eta arduraz bizitu dute denbora tarte luze hori, “espetxe barrura birusa sartuz gero ere kalte nabarmenak eragingo baitzituen. Gainera, espetxeetan ez dute babes neurri berezirik hartu pandemiaren aurrean: ez maskararik, ez hidrogelik…”, jakinarazi dute. Uztailaren bigarren astean baimendu dituzte berriz presoen bisitak eta bisak, eta gogotsu ekin diote etxekoak ikusteko joan-etorriari. Baina beldurra ere badutela adierazi dute, “arriskutsua da garai honentan batetik bestera ibili beharra, ez baitakigu zein egoerarekin egingo dugun topo. Senideengana gerturatzeko pauso guztiak eman nahi ditugun arren, zaila da kezka gainetik kentzea. Beldurra ematen du espetxetik atera eta tabernaren batera sartzeak ere, zuzenean etxera martxa egin behar da badaezpada ere”. Badute barruan darabilten beste arantza bat. “Bidaiako arriskuez eta gastuaz gain, gora goaz adinean, eta gero eta zailagoa da bisita bakoitzeko halako distantziak egin beharra”, diote. Maritxu Salaberriak, esaterako, Emilio anaia bisitatzera, uda nahiz negu, hilabetero, Galiziaraino joaten urteak igaro zituztela gogoratu du. “69 urte ditu Emiliok, eta haren lagunek ere paretsu. Adin batetik aurrera, distantziak zaildu egiten du joan-etorria”, azaldu du. Oskar Zelarainen gurasoek autoz egiten dute Castellonerako eta itzulerako bidea. Pello aitak gidatzea gustuko duela aitortu arren, hainbeste kilometro errepidean ibili beharrak errespetua ematen duela dio, eta gehienetan joan-etorria egun berean egiten saiatzen badira ere, batzuetan bidean lotan geratzen direla. Hitza hartu dutenez gain, preso dauden billabonatar gehienen gurasoak ere adinean gora doazela esan dute, eta zailtasunak dituztela hainbeste kilometro egiteko. “Karlos Besancek, adibidez, urte asko daramatza ama ikusi gabe, oso heldua baitu ama. Donostian edo Gasteizen egongo balitz, gerturatuko litzateke semea ikustera. Baina nola joango da, bada, Jaeneraino?”. Presoentzat ez ezik, haien familientzat ere egungo espetxe dinamika zigorra dela uste dute. “Baina zer egingo dugu?”, galdetzen dute. “Orain arte aurrera egin dugu, eta berriz ere aurrera egin behar”.

Erreportajea osorik irakugai Aiurri hamaboskariaren 565 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!