"Kritikoagoak izan gara kantuak sortzerakoan"

Aiurri 2020ko uzt. 23a, 11:32

HABI Musika taldea

Bigarren diskoa grabatu berri du Habi taldeak. Disko berriaz eta aurrera begira dituzten asmoez hitz egin dute taldeko kide diren Yeray Gasconek eta Jon Ander Artolak. 

Zenbat kantuz osatutako diskoa da? Nolakoa izan da kantu horiek sortzeko prozesua?

Yeray Gascon: Lehenengo diskoa ia sei hilabetetan, taldea sortu berritan atera genuen. Oraingoan arraroagoa izan da. Kantuak konfinamendu aurretik eginak zeuden, eta udan grabatzea pentsatzen genuen; baina ezin ginen lokalera entseatzera etorri. Diskoa grabatzeko zerbitzua kontratatuta genuen, estudioan. Egun eta erdian grabatu genuen diskoa. Oso pozik gaude. Diskoak zortzi kantu ditu, lehenengo diskoak bezainbeste. 

Jon Ander Artola: Konfinamendu garaian, gure intentzioa kontzertuak eskaintzea zen, eta ezin izan dugu. Kantuak eginda genituen eta grabatzeko erabakia hartzea erraza izan zen, gainontzean proiektuak beherakada izan zezakeen. Egia esan emaitzarekin oso pozik gaude.

‘Loratu’ izeneko lehen diskotik zerk ezberdintzen du bigarrena?

J. A. A.: Loratu izan zen gure estreinuko diskoa. Oso prozesu azkarra izan zen. Disko honetan gure soinua gehiago ezagutzen dugu. 

Kritikoagoak izan gara kantuak sortzerakoan, eta aldi berean, gehiago kosta zaigu kantuak sortzea. Argi eduki dugu zer nolako soinu mota nahi genuen eta kantuak nolakoak izatea nahi genuen. Aurreko diskoa kontzerturik eskaini gabe grabatu genuen; orain kontzertu batzuk jota, ikusi dugu gure arteko harremana ere sendotu egin dela.

Elkar estudioan grabatu duzue diskoa Victor Sanchezen gidaritzapean. Ezagutzen duzue elkar… Nolakoa izan da grabaketa prozesua?

Y. G.: Victor Sanchez ez da lankide soila, laguna da. Berarekin estudioan egotea oso erosoa da. Victor ere gurekin zuzenekoetara etortzen da, gure zuzeneko soinua egiten du.

J. A. A.: Oraingo diskoan material dezente eduki dugu aurreko diskoarekin alderatuta. Bateriaz gain, plater asko nuen, zazpi kaxa ezberdin; Yerayk ere bazituen hiru anplifikagailu ezberdin. Probatzen aritu gara soinuarekin, kantu honetarako soinu mota hau, afinazio hau... Mimo gehiagoz egindako diskoa dela uste dut.

Single gisa ‘Harri’ kantua aukeratu duzue. Zer du singlea izateko? 

Y. G.: Ohikoa da erritmo pixka bat duen kantu  batekin hastea, nahiz eta gure musika bi mundutan murgiltzen den: oso lasaia, eta oso indartsua. Denak entzun ondoren horixe aukeratu genuen. Erritmo bizia du, bateria gogorrak, gitarra lasaiak eta oso gogorrak aldi berean, melodia oso sinplea du. Nik uste dut oso egokia dela diskoa irekitzeko.

J. A. A.: Ez da erraza. Zortzi kantu dira, denek dute zerbait. Nolabait kantu batekin aurkeztu behar duzu diskoa. Ikusiko dugu jendeari gustatzen zaion.

Uztailaren 23an Villabonako Erreboteko plazan eskainiko duzue kontzertua, 20:00etan. 

J. A. A.: Gogotsu gaude. Hiruzpalau hilabete igaro dira kontzerturik eskaini gabe, entseatu ere asko ez dugu egin, kontzertuak ikusi ere gutxi. Eskertzen diogu Amasa-Villabonako Udalari gu kontratatu izana. Disko berria grabatu dugunez, berezia izango da kantu berri batzuk eskaini eta publikoaren erantzuna ikustea, nahiz eta, hein batean, arraroa izango den; eserita egongo direlako dantza egin ezinda.

Elkarrizketa osorik Aiurri hamaboskariko 565 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!