Amasa-Villabonako mapa interaktiboa aurkeztu du udalak

Beta bertsioa da, eta pixkanaka hobekuntzak txertatzen joango dira. Horretarako, herritarrek edota nahi duen orok ekarpenak egiteko aukera du mapan bertan agertzen den linkean.

Zortzi kategoria ezberdinetan eta hamasei geruzatan dago sailkatuta mapa interaktiboa. Berrehundik gora elementu geoerreferentziatu dira udalerriko kale-izendagiez, baserriez eta ibilbideez gain. Besteak beste, zerbitzu publikoak, ongizaterako zerbitzuak eta azpiegiturak, ondarea, kirolerako eta aisialdirako baliabideak, mugikortasunari lotutakoak, ibilbideak zein jateko edo lotarako lekuak eta horiei buruzko informazioa jarri da erabilgarri mapan. Leku edo zerbitzu guzti horietara iristeko Google Maps bidezko irisbidea gaitu zaio.

Xabat Laborde Hirigintzako zinegotziak adierazi duenez, "uste dugu herritarrentzat ere erabilgarria izango dela tresna. Badakigu hainbat herritarrek asko maite dituztela herriko bazterretan, ibilbideetan eta mendietan hara eta hona ibiltzea; eta horiei guztiei tresna erabiltzeko gonbidapena luzatu nahiko genieke". Udala pozik dagoela tresna berriarekin gehitu du Labordek azpimarra eginez udalaren funtzionamenduan, gehien bat Hirigintza, Ingurumen eta Zerbitzuen Sailaren lanerako erabilgarria izango dela tresna berria.

[MAPA INTERAKTIBORA SARTU]

Prentsaurrekoa eguerdian ospatu da Villabonako udaletxean eta bertan izan dira Beatriz Unzue alkatea, Xabat Laborde Hirigintzako zinegotzia eta Ane Garai Gislan Geographic Applications enpresako teknikaria.

Ekarpenak egiteko aukera
Ez da herritarrentzako tresna soilik, kanpotik Amasa-Villabonara etortzen diren bisitarientzat ere tresna erabilgarria delakoan dago udala. "Ez da geldirik egongo den tresna, eta proposamenak edo ekarpenak egitera animatu nahi ditugu erabiltzaileak beti hobetzen joateko", adierazi du Labordek.

Mapa interaktiboaren xehetasun teknikoak
Software librearen gainean eraikitako eta informazio publikoan oinarritutako mapa bisore interaktiboa da. Ez dauka lizentzia kosturik eta udalak maparen eta bertako informazioaren gaineko kontrol osoa dauka.

Lau fondo mota ezberdin dakartza: geo Euskadiren ortoargazkia eta oinarri kartografikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren b5M plataformaren oinarria eta Open StreetMap mapa zerbitzu kolaboratiboaren oinarria.

Inolako aplikaziorik jaisteko beharrik gabe, gailu mugikorretatik bezala, ordenagailuetatik erabili daiteke eta automatikoki egokitzen zaio gailuari.

Ibilbideak egiteari edo udalerritik mugitzeari dagokionez, norbere gailuaren geolokalizazioa aktibatuz gero, norbere kokalekua ikusi eta bidea jarraitzeko aukera ematen duen arren, mapa interaktiboak ez du propio erabiltzailearen informazio pribaturik gordetzen edota hirugarrenen eskura jartzen horren inolako informaziorik.

Aplikazioari buruzko xehetasunak
Maparen lanak proiektu handiago baten barruan kokatu dira. Mapa interaktiboarekin batera, udal mapa toponimikoa eguneratu da (webgunean dago deskargarako PDF bertsioa), udaleko bulego teknikoko langileentzako azpiegitura geoinformatikoa garatu da, eta udalerriko informazio espaziala eguneratu da: BTA edo Base Topografiko Armonizatua (erreferentzia-puntuak, izen geografikoak, erliebea, lur estaldura, eraikuntzak, elementu eraikiak, zerbitzu eta instalazioak, hidrografia eta garraio sareak).

Udalaren kale-izendegia eta atariak (EUSTAT) berrikusi dira. Udalerriko toponimia guztia Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin berrikusi da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!