Ohar honen bidez jakinarazi nahi dugu aurten ere Remi Ayestarani omenaldia egitekoak garela.
Urte zaila eta gogorra doa, baina guztion osasuna babesteko beharrezko segurtasun neurri denak hartuta, urteroko hitzorduari eustea erabaki dugu.
Izan ere, hamaika urte igaro diren arren, ez dugu ahaztu nahi 2009ko uztailaren 31an gertatu zena.
Egun hartan, Remi Ayestaran Amasa-Villabonako herri ordezkari bezala ari zen lanean, Ertzaintzaren probokazioetan erori gabe, festak bakean bukatu zitezen ahaleginean. Baina ez zioten utzi, bihotza leherrarazi zioten.
Oraindik inork ez du azalpenik eman ezta ardurarik beregain hartu ere.
Horregatik, egia, justizia, errekonozimendua eta erreparazioa exijitzen jarraitu beharra daukagu. Bada garaia Remiri zor zaion aitortza egiteko!
Urtero bezala, uztailaren 31n omenaldi xume bat egingo diogu, 20:00etan, Errebote plazan. Orain artekoak bezala, herritik sortu eta herriak eskainitako ekitaldia izango da, musu-truk laguntzen diguten bertsolari, dantzari eta musikariei esker.
Maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da eta ekitaldia jarriko diren aulkietan eserita jarraitu beharko da.
Bertan ikusiko garelakoan,
Remi Gogoan Ekimena.