Santioak 2020

Ziztadaka itzalarazitako bihotz handia

Aiurri 2020ko uzt. 31a, 08:58
Omenaldi ekitaldia Errebote plazan.

27 urte zituen Remi Ayestaran Amasa-Villabonako alkate-ordeak, 2009ko uztailaren 31n zendu zenean. Herrikide askoren gogoan iltzatuta geratu den arratsalde hura xehetasun handiz jaso zuten hainbat herritarrek taldean, "Remi, herriaren taupada" liburuxkan.

Ziztadaka itzalarazitako bihotz handia

Maider Eizmendiren idatzia

 

 

Bizi ala hil; arnasa hartu edo hura hartzeari utzi. Heriotzak segundoak dira, laburrak eta ondoren luzeak. Bat-batean gertatzen dira batzuk, aurrera eta atzera egin behar da besteak ulertzeko. Remi Ayestaranen heriotza ezin da denboran errepaso egin gabe ulertu, ezin uztailaren 31ko ilunabar hura gogoratzearekin agortu; denboran atzera egin behar da ezinbestean.

Jasotako ziztadek txikitu zuten bihotz handi hura, pixkanaka.

Bi urte lehenago, berezkoa zuen irribarreaz, arduraz eta gogotsu hartu zuen alkateordetza. Hura zen bere tokia, hura bere “ametsa”, hura herriaren alde egiteko aurkitu zuen taula paregabea. Gozoak zitzaizkion une asko bizitzeko aukera izan zuen bertan, pasioz lan egiteko, fruituak jasotzeko. Mingotsak ere etorri zitzaizkion, ordea; nahi baino gehiago. Ziztadaka.

Alderdien legea tarteko, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezalatsu, Villabonako ezker abertzaleko Udal taldea jomugan jarri zuten. Zentsura mozio aurkeztu zuten EAJ eta PSOE alderdiek bat eginda, ezker abertzaleko zinegotziak Udaletik kanporatzeko asmo garbiaz. Herritar eta kazetari hainbaten presentziarekin egin zen batzarrean, ordea, asmoak ez zuen aurrera egin, ekimenak ez zuen behar adina sostengurik lortu. Herria beste behin Udal taldearen alde.

Egun hartan bertan Ayestaranek aurkeztu eta onartu zuten mozioan gazteak “euskal gizarteak eskatzen eta nahi duen benetako aldaketa politikoa gauza dadin” konpromisoa berresten zuen. Asmo hutsetik haratago, bide horretan egin beharreko lana eguneroko bilakatu zuen Ayestaranek.

Katramila hura askatuta ere, gerora zailtasun eta ezinegon une asko zetozkion Ayestarani. 2009ko martxoaren lehen eguneko goizaldean Ertzaintza basatiki sartu zen Villabonako taberna batean eta, bertan zeuden gazte hainbat bultzatu eta mehatxatu ostean, herriko seme Manex Castro gaztea eraman zuen atxilo. Berehala filtrazioak, berehala akusazioak… Eta poliziak hartutako herrian, bien bitartean, gaztearen paraderoak eta egoerak ezinegona. Bi egun geroago Ertzaintzak berriz ere herriko semea bahitu zuen. Oraingoan Mikel Garmendia, Mantalax. Ayestaranen gertukoek gogora dakarten moduan bi atxiloketek alkateordea nabarmen kolpatu zuten. Herrikideak zituen biak, baina batez ere lagunak. Inkomunikazio aldia amaituta iritsi ziren herrira inork entzun nahi ez eta, aldi berean, denek espero zituzten tortura testigantzak. Krudelak, bortitzak, mingarriak… Orduan ere sekulako ziztada.

Denbora aurrera. Villabonako festak gerturatu eta polizia eta komunikabideen jomuga bilakatu zen herria. Aurrekariak baziren, beste herrietako jaietan bortizki sartu eta euskal preso politikoekin herritarrek dituzten edonolako keinuak ezabatzeko saialdiak han eta hemen errepikatu baitziren, baina Villabonak aparteko arreta piztu zuen. Madrilgo Auzitegi Nazionaletik iritsi zen hilabetero azken ostiralean Etxeratek deituta egiten den elkarretaratzerako debekua. Beste ziztada.

Ayestaranek erantzukizunez eta amorruz hartu zuen berria, hark jaien joanean sor zitzakeen istiluez arduratuta, erabakiak zekarren oinarri politikoarekin amorratuta. Jaiak aurkezteko egindako agerraldian bertan Ayestaranek hitza hartu zuen herritarrei honako mezua helarazteko: “Probokazioetan ez erori eta jaiak ahalik eta lasaien eta ondoen pasa”.

Bere modura, alkateorde gisa zituen erantzukizun eta ardura ugarirekin hasi zituen jaiak gazteak. Gustuko zituen, asebete egiten zuen herritarrak ekimen batean eta bestean parte hartzen ikusteak, baina jaiak noiz amaituko zain zegoen aldi berean. “Azken egunean egin behar zuen parrandan ari zen pentsatzen”, gogoratu dute gertukoek. Ertzaintza, bien bitartean, jaiak ito nahian ari zen, herrian zehar jarritako kartelak kentzen, jaietan murgilduta zeuden herritarrak zelatatzen, komunikabideen laguntzarekin azken egunerako iragarrita zegoen ekimena zapuztu nahian. “Behin eta berriz telefonoz deitu zioten ertzainek; kartelak zirela, mobilizazioetako baimenak zirela… Amorratu egiten zuen horrek”, aipatu dute gertukoek.

Bezperan, Ayestaranek hain gustuko zuen koadrilen bazkarian ez zen alkateordea izan. “Lana zuen, baina iluntzean ere goiz etxeratu ginen; larrituta zegoen hurrengo eguneko iluntzerako deitutako elkarretaratzearekin”, gogoratu du Estitxu neska-lagunak. Eta ez zitzaion arrazoirik falta; arratsaldeko lehen orduan iritsi ziren herrira Ertzaintzaren hainbat patrulla. Han eta hemen topa zitezkeen. Urduri eta larrituta zebilen alkateordea, arduratuta. Istiluak izan zitezkeela ikusita, euskal preso politiko eta errefuxiatuen alde, hilabeteko azken ostiralero bezala, egitekoa zen ekimena bertan behera uztea erabaki zen. Elkartasun keinua egin nahi zutenek irribarrearekin eta kalejiran egin zuten. “Esne Beltzak Remik hain gustuko zuen ‘Kalera, kalera…’ kantua jo zuen”, aipatu du Ugaitz lagunak.

Hura amaituta ere, ez zuten, ordea, ertzainek etsi eta ondoren, horrenbeste gogobetetzen zuen Gudarien plazan bertan antolaturiko kontzertuetara bertaratu ziren. “Jendea eta ertzainak bertara zihoazela ikusita joan zen Remi, zer gertatzen ote zen ikustera eta orduan hasi zen dena…”, oroitu du Estitxuk.

Bertan zeuden testiguek ondo gogoratzen dute han gertatutakoa. Ayestaranek ertzainei joateko eskatu zien behin eta berriz, ekimena bertan behera utzi zutela esan eta jaiak ez zapuzteko ohartarazita. Eta orduan hasi zitzaizkion ziztadaka ertzainak, probokazio jokoan. “Taldeak nahiko ondo jotzen du, ez da Villabona izango?”, galdetu zien ertzainek albotik. Honek ez zekiela. “Baina zu billabonatarra zara, jakin behar duzu taldea Villabonakoa den ala ez”. Berriz ere ez zekiela esan zien. Ertzaintzak albotik berriz: “Villabonakoa zara eta hemen jotzen ari den taldea ez dakizu bertakoa den ala ez? Zu tontoa zara edo?”. Ez zekiela berriz. “Ez dakizula tontoa zaren edo ez?”, probokazioan ertzaina. Joko horretan sartuta beranduago berriz ere sua piztu nahian ertzaina: “Mutil, jakin dezazula oso gustuko zaitugula”. Ayestaranek berriz eskatu zien bertatik joateko: “Jakin ezazuela Villabonako Udalari ez zaiola gustatzen hemen egiten ari zaretena”.

Bere neska-lagunak gogoan du oraindik ere Ayestarani hitz haiek eragindako amorrua: “Lasai egoteko esan nion, baina bere onetik ateratzea lortu zuten. Bertatik joateko aholkatu nion. Begibistakoa zen istilua nahi zutela eta norbait atxilotuta eraman bazezaketen eraman egingo zutela”.

Gomendioei jarraituta edo, plazatik aldendu eta ibaiaren ondora joan zen Gontzal lagunarekin. Ziztada txikiek ziztada handia eragin zien orduan. “Deitu egin zidan eta buelta eman nuenerako lurrera erortzen ari zela ikusi nuen”, azaldu du honek. Berehala bertaratu ziren lagun eta herritarrak, baita bere arreba, erizaina lanbidez. Ertzainak ere han ziren. Gerora bere aurpegia zuritzeko lehen laguntza eurek eman ziotela esan arren, senide eta lagunei trabak baino ez zizkien jarri eta Ayestaranen arrebari ere identifikatzeko eskatu zioten laguntza ematera gerturatu zenean.

Hiru anbulantzia iritsi ziren herrira eta horietako batean eraman zuten gaztea Tolosako erietxera; hilik iritsi zen ordea bertara.

Minutu batzuen bueltan beroa hotz, irriak negar zotin, jaia tristurarik sakonena, ezintasuna, samina, ezinegona, ezin sinistua herrian, plazan… Orduan, soilik orduan, ertzainek bertatik eskapo. Negar malkoen artean lehen protesta ekimena, jaiak itzalita, bihotzak hustuta, amorrua baino ez zela. Ziztada latzak.

“Plaza bete behar dugu”. Huraxe zen gaztearen esaldi eta asmoa; lagunei eta lankideei behin eta berriz errepikatzen ziena, eta berak izenez baina batez ere izanaz lortu zuen hura. Izan ere, hurrengo egunetan herriko kaleak jendez gainez egitea lortu zuen. Udaletxeko Batzar Aretoan, “zegokion tokian” jarri zuten hil kapera eta bertara gerturatu ziren senideak, lankideak, herritarrak eta han eta hemen egin eta mantentzen jakin zituen lagun guztiak. Ohore guztiekin, apenas indarrik gabe, baina kementsu agurtu zuten gaztea, bere izana eta jarduna zikindu beste asmorik ez zuten bertsio ofizialen gainetik eta senide eta neska-lagunaren saminarekin bat eginda.

Herritik ez ezik, munduko beste hainbat txokotatik iritsi ziren alkateordearen familiarentzat dolumin hitzak: Italiatik, Burgostik, Argentinatik, Uruguaytik…

Urrutitik zetozkion, udaletxean jaso ez zituen keinuak. Bai, EAJko zinegotziei ez zitzaien gaztearen heriotza nahikoa motibu iruditu oporraldia eten eta bere heriotza salatzeko egindako Batzar berezian agertzeko. Ohar bidez esan zuten ez zitzaiela “nahikoa arrazoi” iruditzen.

Goxoagoa, sentituagoa, garbiagoa… izan zen Ayestaranek jaso zuen sostengua bai hil osteko egunetan, bai eta, Remi Gogoan ekimenak udazkenean egin zuen omenaldi ekitaldian. Orduan ere “plaza” eta bertan bildutakoen oroimen-bihotzak bete zituen gazteak, bere izena daraman kalearen estreinu egunean bezalaxe.

Esana dute, diskurtsoen garbitasuna baino askoz sakonagoa dela pertsonen testigantza, jardunean uzten duen itzala. Remik hilda ere arrasto luzea utzi du. Ezagutu eta maitatu zuten haiek hartu eta bere egin dute gaztearen bihotzaren zatitxo bana. Ziztadarik handiena gaztearen heriotzak berak eragin zien, Remik abiatutako bidearen askatasun fruituak izango dira haientzat eztigarri. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!