Azkarra da, antza, bitxitoa!

Airean ba omen dago bitxito bat gu guztion osasunarekin jolasten ari dena. Covid-19 deitzen diote 'adituek'. Halaxe adierazten digute eguneko 24 ordutan telebistan, irratian nahiz prentsan. Baina ia, jar dezagun burua lepoaren gainean eta aztertu dezagun zer gertatzen ari den benetan.

Egunerokotasunean bizitzen dugun adibide bat ipiniko dut, ez dakit nongo artikulu, inbestigazio edota ikerketa ardatz hartu gabe. Lagunak tabernan elkartu gara arratsalde pasa, sei guztira. Terrazan eseri gara, maskarilla jantzita dugula. Bi lagun taberna barrura sartu dira denentzako edariak eskatzera. Itzultzean, guztiak maskarillak kendu eta edaten hasi gara. GELDIALDI BAT. Ez al dago ba airean bitxito bat gure osasunarentzako kaltegarria dena? A ez, barkatu, edaten ari garenean deskantsua hartzen du.

Jarrai dezagun. Edariak amaitu ditugunean beste lau lagun batu dira gurera. Ederki. Eta berriz ere, maskarillak jantzi eta batzuk barrura sartu dira edateko gehiagoren bila. Terrazako mahai guztiak bete dira, jada ez dago leku gehiagorik. Momentu horretan, beste lagun bat etorri da. Ai ama... Denak elkar begiratu eta... Benga... nor izango da kuadrillako jatorra bere etxera joango dena, pentsatzen dugu gure buruan honako kalkulu matematikoa eginez: 6+4+1=11.

Inork ezer esaten ez duenez, lasai ederrean jarraitzen dugu tertulian lagun guztiak. Halako batean, tabernaria hurbildu da gugana eta hauxe esan digu: "Aizue, barkatu baina, ezin duzue hamaika lagun batera egon mahai beraren bueltan". Elkar begiratu eta jode, zer egingo dugu orain pentsatu dugu. "A eta zuetako batzuk edaria bukatu duzue, beraz, maskarilla jantzi behar duzue", gehitu du tabernariak; polizia papera betetzera behartu baitute boteretsuek. BESTE GELDIALDI BAT.

Azter dezagun egoera hori. Hortaz, edaria bukatzen dugunean, maskarilla jantzi behar dugu, gainontzean bitxitoarengandik erasotua izateko arriskua dugulako. Eta bestetik, hamaikagarren laguna etortzean ere, bitxitoarengandik erasotuak izan gaitezke, hamar lagunekin, ordea, ez. Bai bitxito azkarra sortu dutena, dedio.

Eta galdetzen diot nire buruari: Zergatik konfinamenduan zehar jende gehienak ez zeraman maskarilla erosketak egiterakoan edota txakurra paseatzerakoan, eta orain bat-batean, guztiok daramagu bozala ahoan? Erantzuna erraza da. Azken asteetan gure poltsikoekin jolasten hasi direlako, eta horren aurrean soooo egin dugu. Ostra... isuna jarri behar badidate maskarilla ez dudalako jantzita, ba jantzi egin beharko dut. Hortaz, zergatik daramagu bozala ahoan: benetan gure osasunaren kalterako arriskua dagoela pentsatzen dugulako ala gure poltsikoarekin jolasten hasi direlako?

Norberak azter dezala bere inguruan gertatzen ari dena, eta nire iritzi apalean, ez dezagun %100ean sinetsi telebistan, irratian nahiz prentsan ipintzen duten guztia. Askotan, ardiek bezala jokatzen dugu, "telebistak hori esan du eta kaso egin behar" pentsatuaz. Izan dadila bakoitza bere ekintzen arduradun, eta ez gaitezela utzi nahi gaituzten bezala maneiatzen, ez gara eta boteretsuen titereak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!