Kilometroak 2020

Kilometroak ez da oporretara joan

Aiurri 2020ko ira. 4a, 09:25

Goizeko bederatziak dira, eta mugimendua dago Amasa-Villabona eta Zizurkilgo etxeetan. Batzuek mendirako plana egin dute, beste batzuk lanera doaz, edo oporretara. Ikastolako komunitateko bi kide, ordea, Donostiara joateko prestatzen ari dira. Bezperan autoa prest utzi dutenez, biltegira joan beharrik ez dute.

 

Abiatu dira, beraz, Donostiara. Autoa Bulebarrean sartu, Turismo bulegotik haima eta mahaiak hartu eta postua prestatzen ari dira, txukun-txukun. Izan ere, aukera izan dugu abuztuan, Donostiaren bihotzean, Kilometroetako arropa eta materiala saltzeko postu bat jartzeko.

Jende asko hurbiltzen da postura: batzuek badakite zer den Kilometroak, eta kartelak erakarrita datoz, zerbait erosteko asmoz. Beste batzuek, ordea, ez dakite zer den, Espainiakoak dira batzuk, beste batzuk frantsesez ari dira, edo ingelesez... Prezioei buruz eta ekimenari buruz galdetzen dute, eta erosi ere, erosten dute.

Hainbeste jende dabilen tokian anekdota politak gertatzen dira: turistei hiria erakusten eta hiriari buruzko azalpenak ematen ari den gidari batek postuaren aurrean geldialdia egin, eta Kilometroak zer den azaldu die kanpotarrei.

Talde batzuek egun osoa pasatu dute Donostian. Beste batzuei, ordea, 14:30 aldera etorri zaie erreleboa. 16:00etan, berriz, Orioko postura doazenak abiatu dira. Hauek ez dute materialarekin atzera eta aurrera ibili behar, guztia Orion baitago. Gure Zirkuaren karpa uztailaren erdialdetik dago Orion, eta zirkuak emanaldia duen guztietan postua jarri da karparen ondoan. Aukera polita izan da jendearengana hurbiltzeko, egunero-egunero jende asko joaten ari baita emanaldietara.

Urte osoan eduki dugu harremana Gipuzkoako ikastolekin, eta Orioko ikastolako arduradunak animatuta eskatu genien Gure Zirkukoei eta Orioko Udalari karparen ondoan postua jartzeko baimena. Mila esker, beraz, Orioko ikastolari eta Gure Zirkuari.

Iluntzeko zortzirak dira, eta Donostiako eta Orioko postuak jasotzen ari dira. Baina lana ez da bukatu. Orain biltegira joan, eta biltegiko arduradunekin diru-kontuak egin behar dira, eta hurrengo eguneko irteerarako materiala prestatu. Eguna amaitzerako erabat ilundu da zerua.

Gainera, arropa berriak iritsi direnez, astean bi egunetan Villabonako denda irekitzea erabaki da.

Irteerek emaitza onak eman dituztela ikusita, luzapena eskatu da bai Donostian, bai Orion. Donostian, hasieran, une honetako egoera kontuan hartuta, bi asteburutarako baimena bakarrik eman ziguten, eta, aurrerago, ostegunetik igandera jartzeko aukera eman ziguten. Postura jende asko hurbiltzen denez, egun gehiagotan jarri nahi da.

Orion, berriz, irailaren erdialdera arte luzatu ditu Gure Zirkuak emanaldiak, eta, beraz, han ere denda jartzeko eskaera berritu egin da.

Uda ezohikoa izaten ari da guztiontzat COVIDa dela eta. Baina gure komunitateko kide batzuentzat are ezohikoagoa izaten ari da, jo eta ke lanean ari baitira egunero, postuetan arroparik falta ez dadin eta salmentek arrakasta izan dezaten. Gure eskerrik beroena, beraz, postuan egon diren guztiei eta, bereziki, isilpean, hain beharrezkoa den ezkutuko lana egiten aritu zareten guztioi.

Lierni Otamendi Arrieta (Komunikazio batzordeko kidea)    

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!