Berritasunaren ilusioa

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 4a, 09:59

 

Gorka Iruretagoiena lupulu landarearekin proba egiten ari zela, eta terrenorik ez zuela jakin bezain laster animatu zen Arratzain baserriko Pello Letamendia ekimenarekin bat egitera. "Oraindik ere berria da hau guztia guretzat. Ikasten ari gara, berritasunaren ilusioarekin. Amets politak dira hauek", dio. Ondo bidean, gainera, zabaltzeko aukera ikusten du, eta oso garrantzitsua da hori Arratzaingoarentzat, "baserriko lanekin uztartzeko beste irtenbide bat izan baitaiteke". 

Baserritik begiratu, eta orain urte batzuk pentsatu ere egingo ez lukeen soroa ikusten du orain parez pare: lupulu-soroa. "Terreno aberatsak dauzkagu hemen, baina lanean ez dakigu gehiegi, aurreko belaunaldiei ikasitako zerbait besterik ez. Asmo berriekin datorrenari entzun egin behar zaio, eta hainbeste terreno huts edukita, gauza berriak egiteko aukera eman. Ideia berriak dituztenei lagundu egin behar zaie, bai baserritarron aldetik, baita goragotik ere: erakundeen aldetik”. Halaxe uste du, eta halaxe egin zuen Pellok Gorkaren asmoak jakin zituenean. Oso gustura daude saiakera eta emaitzarekin. "Ikasten ari gara. Lan asko du lupulu sailak, baina baita aukerak ere". Betikotik urrunduta, aukera berriak esku artean. 

Euskal oilaskoak

2000. urtetik LumaGorri baserriko oilaskoak hazten ditu Arratzaingo lurretan. "Ondo hasi ginen, eta ondo jarraitzen dugu. Hala jarraitu nahiko genuke aurrera begira ere. Hura da nire lanbidea eta gustura nago".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!