25. urteurrena betetzen du aurtengoan Irrintzi elkarteak antolatu ohi duen Azoka Bereziak. Era guztietako elikagai eta artisau produktuak eskaintzen dira bertan: eskualdekoak bezala, Euskal Herri osotik etortzen diren ekoizleenak. Bada, azokarekin aurrera egitea erabaki dute elkarteko kideek, besteak beste, postutik posturako distantziei eutsiz. Irrintzi elkarteko lehendakari Dorleta Aranburuk adierazi duenez, gogotsu agertu dira azokan parte hartu ohi duten saltzaileak ere, "haiekin harremanetan jarri garenean baiezkoa eman digute; gustura, gainera!". Hori bai, segurtasuna bermatzeko, azoka lekuz aldatzea erabaki dute: Txermingo ikastola azpitik Erreboteko plazara, "ikastola azpia leku itxiagoa denez, postuak Erreboteko plazan jartzea pentsatu dugu. Leku gehiago izango dugu bertan distantziak ondo betetzeko".
Isats gisatuen lehiaketa
Azokaz gain, urtero legez, Aiztondoko elkarteen arteko Isats gisatuen lehiaketa ere egin nahi dute. "Oraindik ez dugu guztiz erabaki, baina ahal dela, lehiaketarekin ere aurrera egiten saiatuko gara", adierazi du Dorleta Aranburuk.