“Eskultura ez da zurruna; irakurketa guztiak dira baliagarriak”

Ainhoa Gil 2020ko ira. 20a, 15:00

Mikel Yarza izan du bidelagun Jon Iñaki Ormazabalek sortze prozesuan. ©Egoitz Bengoetxea, Otxabi

Barnetik ateratzen zaiona islatzen du Jon Iñaki Ormazabal artista billabonatarrak bere lanetan.
Zaraten, Jose Luis Zumetari eskainitako erakusketan ikus daiteke bere azken sorkuntza

Azkarate eta Bedaio arteko Zarate inguruan jarri duzu zure azken sorkuntza, Jose Luis Zumetari eskainitako erakusketa erraldoi batean. Nola sortu zen aukera hori?

Artearen inguruko ekitaldi handia antolatu ohi da urtero Zarate inguruan. Azken Muga izenburupean, ekimen ezberdinak jartzen dira martxan. Aurten, nire lan bat bertan jartzeko gonbidapena jaso nuen. Dozena bat eskultoreri luzatu ziguten gonbidapena. Eskultura bertan amaitu eta elkarlanean aritzeko aukera polita eskaintzen zidan gonbidapen horrek, eta baiezkoa eman nuen. Handik gutxira jakin nuen, aurtengo ekitaldia Zumetari eskaintzeko asmoa zutela, eta gonbidapena zabaldu egin zutela. 

Erakusketa Zumeta margolariari eskaintzeak indarra eman al dio aurtengo ekimenari?

Bai, zalantzarik gabe. Aurtengo Azken Muga jaialdia haren omenezkoa izango zela jakinarazi zutenean, geroz eta artista gehiagok azaldu zuen parte hartzeko asmoa, eta azkenean, ia 80 artisten artean osatu dugu erakusketa. Indar handia hartu du ekimenak. Irailaren 6an egin zen inaugurazio-ekitaldia, eta erakusketa ikusgai egongo da ia hilabete osoan zehar, irailaren 26ra arte. Artistontzat, elkar ezagutzeko aukera paregabea da. Izan ere, horrelakoetan, gure arteko hizketaldi luzeak sortzen dira. Ideia eta estilo zurrunbiloa nahasten eta jaiotzen dira; elkar elikatzen dugu, elkarren berri izaten dugu. Bakoitzak berea eskaintzen du, eta denok edaten dugu gainerakoen sormenetik. Alde horretatik, Zaraten pasatako lehen asteburu hura oso aberasgarria izan zen. 

Jose Luis Zumetari eskainitakoa al da erakusketara eraman duzun artelana?

Apropos erakusketa honetarako sortutako pieza eraman dut, eta bai, Jose Luis Zumetaren artelanetan oinarrituta dago. Bestela ere Zumetaren jarraitzailea naiz. Ikaragarri gustatzen zait, adibidez, kolorea erabiltzeko zuen modua. Ni ere kolore-zalea naiz, oso. Egurrarekin egiten dut lan gehienbat, eta dagoeneko aspertu samar nago egurraren kolorearekin. Kolore biziagoak gustatzen zaizkit niri. Erakusketara eramandako eskulturak kolore asko du. Zumetak margotzen zituen aurpegiak ere islatu nahi izan ditut. Mikel Laboaren diskoen azal bat baino gehiago egin zuen Zumetak, eta haietan ageri diren aurpegikerak hartu ditut oinarritzat nire eskulturarako. 

Zumeta oso presente dago nire lanean, baina erakusketako lan guztiak ez dira halakoak. Batzuek lehendik eginak zituzten lanak eramatea erabaki dute. Azkenean, 80 artista inguru elkartu gara bertan, eta oso estilo ezberdinak ikus daitezke. Paraje ederra da, eta erakusketa ere ederra dago; merezi du bisitaldia egiteak. 

Kontaiguzu, nolakoa da erakusketa honetarako prestatu duzun artelana?

Laurehun urtetik gora dituen egur-ohola da lanaren oinarria. Indar eta edertasun plastiko handiko ohola da eta bigarren bizitza hartu du orain. Asteasuko Ikilisagasti baserri-tolareko euskarri izan zen ohol hori. Naturan hazi zen, baserrira ekarri zuten, eta bere funtzio hura amaituta, berriz ere naturara itzuli da, eskultura bihurtuta. Izan ere, pago gazte batekin besarkatuta jarri nahi izan dut Zaraten. Astigarragako sagardotegi bateko kupelaren burdinezko uztaiak erabili ditut besarkada hori gauzatzeko. 400 urteko haritz ohola eta pagoa besarkatuta, dantza erotikoan ari dira Zarateko basoan. 

Zuhaitza eta ohola besarkatuta daude, eta bien artean espazio berezia sortu da. Espazio horretara sar daiteke ikuslea nahi badu. Ikuspegi ezberdina ematen du. Egia esan, eskultura bera asko aldatzen da toki ezberdinetatik begiratzen baduzu.  

Begi guztiek ez dute berdin ikusiko...

Ez, eta hori asko gustatzen zait. Nik eskultura egin nuenean ideia bat nuen buruan, eta hartan oinarrituta aritu nintzen lanean. Baina pertsona bakoitzak bere bizipenak ditu, bere sentimenduak eta gauzak ikusteko modua. Aberasgarria da hori. Eskultura bat ez da gauza zurruna, eta irakurketa guztiak dira baliagarriak. Horregatik, ez naiz azalpen asko ematearen zale. Eskulturaren muina zein den esan dezaket, baina hortik aurrera, norberak jakiten du eskultura horretan zer ikusten duen edo zer iradokitzen dion. Villabonako haurreskolaren parean dagoen eskultura, Txistuzesta, neronek egindakoa da. Denetarik esan izan didate; zezena ematen duela..., eta zergatik ez? Ikuspegi horiek guztiak baliagarriak dira nire ustez. Nik ezin diot inori esan eskultura batean zer ikusi behar duen, hori norberaren baitakoa da. Pieza berri honekin ere berdin gertatuko da ziurrenik, pertsona bakoitzak gauza ezberdinak ikusiko dizkio. 

Ikilidantza izena jarri diozu...

Bai, Ikilisagasti baserri-tolarea hartu dut gogoan izenari hasiera emateko. Ikimilikiklik esamoldea ere ekartzen dit gogora, eta gustatzen zait. Dantza ere islatu nahi nuen izenean, ohola eta zuhaitza dantzan ari direlako. Dantza goxoa da haiena, uztaiekin elkartutako dantza.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Denbora luzea eman nuen eskultura pentsatzen. Zer nahi nuen, nola gauzatuko nuen... hori guztia pentsatzeko denbora hartu nuen. Sortze prozesua bera hilabete batean garatu dut. Buru-belarri aritu naiz horretan, ordu asko eskainiz. Eskerrak eman nahi dizkiet bide horretan lagun izan ditudan Rufino Ibarzabal eta, bereziki, Mikel Yarzari. Ohola zutik jarri nahi nuen eta horrek burdinezko egitura bat egitea eskatzen zidan; Rufino eta Mikelen laguntza izan nuen lan hori egiteko. Ondoren, eskulturaren sortze prozesuan oso presente egon da Mikel, beti laguntzeko prest.

Ordu asko eskaini nizkion abuztuan eskulturari. Sortzen ari naizenean, momentuan ditudan bizipenak islatzen ditut egiten ari naizen horretan, eta kasu honetan ere halaxe izan da. Abuztuan zehar izandako hizketaldiak, gertaerak, sentimenduak, pentsamenduak..., hori guztia dago Ikilidantza eskulturan. 

Zein material erabiltzen duzu zure eskulturetan?

Egurra, harria eta burdinarekin egiten dut lan gehienbat. Berrerabilitako materiala erabiltzea gustatzen zait. Aurrez esan bezala, Ikilisagasti baserriko ohol zaharra eta Astigarragako kupel bateko uztaiak erabili ditut oraingoan. Gure historia, gure izaera biltzen dute material horiek; baserria eta sagardoa. Auskalo kupel hori zenbat hizketaldi, zenbat otordu, edo bertsoaldiren lekuko izan den. Ohol hori Ikilisagasti baserria zegoen duela 400 urte, eta horren aurretik beste urte mordoa egin zituen basoan. Gure nortasuna dago material horietan. Horrek egiten ditu berezi. Nik eraldatu egiten ditut material horiek, kolorea eman..., baina haien historia hor dago.

Ibilbide luzea egin duzu artearen munduan. Noiz abiatu zenuen bidea?

Gazte gaztetan murgildu nintzen mundu honetan, bai. Ebanista ikasketak egin nituen lehendabizi eta Debako Arte eskolan ere ikasi nuen, hiru urtez. 1990etik ari naiz nire tailer propioan eta hainbat lan egin izan dut geroztik. Azoka eta erakusketa askotan parte hartu izan dut nire lanekin. Egurra, harria, pintura, zaharberritzea eta zeramika lantzen dut batik bat. Sormena plazera da niretzat, eta ikaragarri gozatzen dut. Horrez gain, egur-lanketako irakasle ere banaiz. 1996an hasi nintzen lan horretan, herri ezberdinetako kultur etxe eta elkarteei zerbitzua eskainiz. Gustuko lana dut hori ere. Azken ikasturtea oso arraroa izan zen; martxoan etena egin behar izan genuen koronabirusaren eraginez, eta ikasturte berrian ere ikuskizun dago zer gertatuko den. Bitartean, sormena lantzeko denbora gehixeago izan dut. 

 

Azken Muga ekimena

Azkarate eta Bedaio artean dago Zarate. Bertan antolatu zuten lehen aldiz Azken Muga jaialdia 2016. urtean, eta geroztik ekimenak ez du etenik izan. Aurtengoa, beraz, bosgarren edizioa izango da. Osasun alarmaren eraginez aldaketak egin behar izan badituzte ere, jaialdia aurrera ateratzeko bidea aurkitu dute. Jose Luis Zumeta margolari usurbildarrari eskaini diote aurtengoa. Irailaren 26ra arte egongo dira ikusgai hainbat eta hainbat artisten lanekin bertan jarritako erakusketa. Basoan daude lan horietako batzuk, eraikin baten babespean beste asko. 

Nola iritsi

Irailaren 6an egin zuten irekiera ekitaldi ofiziala eta geroztik, zabalik dago ikusteko aukera. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara, larunbatetan 11:00tatik 13:00etara, eta igandetan, 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da erakusketa osoa. Hara iristeko, bi bide daude; Bedaiotik, edo Azkaratetik. Atallun hartzen da Azkaraterako bidegurutzea eta bertan badaude Azken Mugara iristeko seinaleak. Bedaio aldetik joan nahi izanez gero ere, bertan daude jarraibideak.

Ekitaldiak

Erakusketaz gain, beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da:

 

  • Irailaren 19an, berriz, herri kirolekin hasiko dute ekitaldi-sorta. Gipuzkoa eta Nafarroako gazteak arituko dira nor baino nor. Egun berean, egingo dute II Gazta txapelketa eta, eguna borobiltzeko, bertso saioa izango dute. Dagoeneko indarra hartu du Zarateko bertso saioak eta bosgarren edizioa du. 
  • Irailaren 25ean, ostiralarekin, Paul Urkijoren Errementari filma izango da ikusgai. 
  • Jaialdiari amaiera emateko, irailaren 26an, Et incarnatus orkestraren kontzertua izango da Zaraten. Udazkeneko ekinozioa ospatuko dute bertan, hainbat gonbidaturen laguntzarekin. 
  •  

    Elkarrizketa osorik Aiurri aldizkariaren 567 zenbakian

     

    -----------------------------------------------------------------------------------------------------

    Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

    • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
    • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

    Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!