Amasara doan errepidean hobekuntzak eskatzeko Foru Aldundiarekin bildu dira udal ordezkariak eta herritarrak

Aiurri 2020ko ira. 18a, 09:21

Argazkia: Amasa-Villabonako Udala.

Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde hirigintzako zinegotzia, Amasako zenbait bizilagunekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura saileko arduradunekin bildu ziren atzo eguerdian Donostian, Villabonatik Amasara doan errepidearen baldintza kaxkarren berri emateko eta egoera horri irtenbide bat bilatzeko helburuarekin.

Aurtengo otsailean Amasako bizilagun talde batek, errepidearen egoera txarrarekin kezkatuta Udalera jo zuen irtenbide bila. Amasa-Villabonako Udalak oharrean azaldu duenez, "errepideak ez ditu oinarrizko segurtasun baldintzak betetzen ez autoentzat, ez eta oinezkoentzat ere, eta ezbeharren bat gertatzeko arrisku handia dago". Udalak herritarren kezkarekin bat egin du, eta Villabonatik Amasara doan GI-3751 errepidearen egoera konpontzeko urratsak ematen hasteko konpromisoa hartu du. Horretarako ezinbestekotzat jotzen du Gipuzkoako Foru Aldundiako Bide Azpiegitura sailarekin elkarlanean aritzea.

Zentzu horretan, Amasa-Villabonako udal gobernuak, egoera konpontzeko, eta errepidea segurua izan dadin, egin beharko liratekeen lanak jasoko duen aurreproiektu bat osatuko duela jakinarazi dio Foru Aldundiko ordezkariei. Horretarako 15.000 euroko diru partida bat bideratuko du Udalak. Aurreproiektu horrek definituko ditu egin beharreko lanen xehetasun teknikoak etaaurrekontuaren estimazioa ere jasoko du. Ondoren, Udalak Amasako herritarrei eta Aldundiari aurreproiektuaren berri emango die.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!