Kilometroak 2020

“Hizkuntza komunitate gisa oinarrizkoa da elkarlana, euskara biziberritzen segi nahi badugu”

Aiurri 2020ko ira. 24a, 15:33

Kilometroak Gipuzkoako ikastolen festako ordezkariak hartu zituen Aldundian Markel Olano diputatu nagusiak, urriaren 4ko erakunde ekitaldiaren aitzinean.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Kilometroak ikastolen jaialdiaren ordezkariekin bilera egin zuen atzo arratsaldean (irailak 23) Foru Aldundian, eta dei egin zien gipuzkoarrei bizi dugun egoera “zail eta ezohiko” honetan euskararen aldeko “konpromisoa eta jarrera aktiboari eustera. “COVID-19ak eragindako krisialdiak gogorarazi digu zeinen garrantzitsua den komunitate gisa jokatzea aurrean ditugun desafio eta arazoen aurrean. Kilometroak egitasmoak, aurten amaierako jairik izango ez badu ere, balio horretan jartzen du azpimarra. Hizkuntza komunitate gisa ere oinarrizkoa da elkarlana, euskara biziberritzen segi nahi badugu”, adierazi zuen diputatu nagusiak.

Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko eta Zubimusu ikastolako ordezkariekin egindako bileran parte hartu zuen, diputatu nagusiaz gain, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek.

Aro berri bat hasi du 2020an Kilometroak ikastolen festak, azken 42 urtetan garatutako eredua gainditu asmoz. Hori dela eta, pandemiaren ondorioen eraginez modu mugatuan izan bada ere, ziklo gisa garatu da aurten, Korri, punpa, ttak lelopean eta Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolak antolatuta. Kilometroak eguneko festarik ez da izango aurten, beraz, baina horren ordez Kilometroak Astea antolatu dute, hainbat ekimenen bitartez egitarau bat osatzeko. Urriaren 4an Amasa-Villabona eta Zizurkilgo komunitateari zuzendutako ekitaldi instituzionala ospatuko da hala ere.

Aurtengo edizioak azpimarra jartzen du parekidetasunean eta aniztasunaren errespetuan, nahiz gizarte euskalduna, sortzailea eta parte-hartzailea, herritarra eta herrikoia, auzolana eta kooperatibismoa sustatzen dituena eta ingurumenarekiko jasangarria sustatzeko garaian. “Gipuzkoak bat egiten du bete-betean balio horiekin; COVID-19ari aurre egiteko garaian ahaztu ezin ditugun elementuak dira”, aipatu zuen diputatu nagusiak eta herritarrak animatu ditu Kilometroak astearen testuinguruan antolatuko diren egitasmoak jarraitu eta “ahal den neurrian” proposatutako ekintzekin gozatzeko.          

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!