Kilometroak 2020

Kilometroak Astea, irailaren 28tik urriaren 4ra

Aiurri 2020ko ira. 25a, 13:02

Nerea Artola Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak, Nerea Zumeaga Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolatako zuzendari-gerenteak eta Gaizka Ezeiza Kilometroak jaiko koordinatzaileak, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean Amasa-Villabona eta Zizurkilen egingo den Kilometroak Astearen inguruan azalpenak emanez, prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Txermingo eraikinean.

“2019ko azaroaren 15ean Villabonako Olaederra kiroldegian adierazi zen moduan, 2020ko Kilometroak jaiak iragana, oraina eta etorkizuna adierazi zituen. Korri. Punpa. Ttak. Eta kostata bada ere, hala izango da”, adieraziz hasi du aurkezpena Nerea Artolak. Duela urtebete, lau urteko hausnarketa prozesuaren ondoren, 2020ko ekitaldian Kilometroak-ek eredu berria izango zuela iragarri zen Zarautzen, “halaxe ekin genion 2019ko urrian bertan Zubimusu Ikastola eta Gipuzkoako gainontzeko ikastolen babesarekin eredu berriaren diseinu praktikoa lantzeari”. Modu horretan, Zubimusu Ikastola gidari zela, lurraldeko gainerako ikastolek ardura handiagoak hartu zituzten, arropa salmentan edo Tanta elkartasun txartelen banaketan lagunduz, besteak beste. Ilusio handiz ekin zitzaion baita ere Tolosaldeko eta Oarsoaldeko ikastolekin Milimetroak jaialdi txikiak antolatzeari. Artolak zehaztu bezala, ordea, “pandemiak gure asmoak behar bezala garatzen utzi ez arren, eredu berriaren planteamendua hasi da fruituak ematen; egin ditugunak geratzeko gelditu direlako”.

Izan ere, Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak argi utzi duenez, “Kilometroak ez da jaialdi huts bat, ikastolen arteko zaintza sarea da, gure komunitatea zaindu eta elkar elikatzeko ekimena. Kilometroak euskaraz bizitzeko espazioa da”, eta datozen urteetan ere eredu berri horretan sakontzen jarraitu nahi dute.

Kilometroak bizi-bizirik

Nerea Zumeaga Zubimusu Ikastolako zuzendari-gerenteak Kilometroak jaia antolatzeari ilusioz ekin ziotela azaldu du, “lehen aldiz izango genuen Gipuzkoako Ikastolen jaia Zubibumusu Ikastolan”. Urte luze honetan, baina, denetariko egoerak bizitzea egokitu zaio ikastolari, gizarte osoari bezala, eta hilabete hauetako lana samurra izan ez dela ere aitortu du: “Ez da erraza izan urte honek ekarri dizkigun egoerak gainditzea; baina egokitzen jakin dugu, eta horri esker, gaur Kilometroak Astea izango dena aurkezteko moduan gaude, lehen egunean genuen ilusio hari hegoak ematen jarraitzeko indarrez”.

Zubimusu Ikastolaren zutarria den 2ZIA proiektua izango da Kilometroak Astearen ardatza: “Zubimusun ikaslea da ikaskuntza prozesuaren ardatza, eta bakoitzak bere gaitasunak garatzeko eta zailtasunak gainditzeko hezten ditugu, beti haurraren garapen naturala errespetatuz”. Kilometroak-ekin ere gauza bera: ikasleak eta komunitatea izango baitira Kilometroak Astearen ardatza. “Izan ere, urte luze honetan gure gaitasunak proban jarri ditu koronabirusak, baina ikasleek egiten duten moduan, sortu diren zailtasunak gainditzeko lan egin dugu, ekintzak gaur egungo egoerara egokituz”. Horregatik, eta Zubimusu Ikastolaren izenean, komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, langile eta familia guztiei eskerrak eman dizkie Zumeagak, “urte luze honetan erakutsi duzuen jarreragatik, eta batez ere, zuen babesagatik”.

Korri, Punpa, Ttak

Gaizka Ezeiza Kilometroak jaiaren Zubimusu Ikastolako koordinatzaileak, proiektu honi “bihotza, denbora, laguntza eta babesa” eskaini dizkieten pertsonak asko izan direla gogoratu du. Horregatik zikloari behar bezalako itxiera ematea erabaki dutela. Hala, Kilometroak jai handiaren ordezkoa izango den egitarau xumeago bat prestatu dute. Hain zuzen ere, herrigintza, kultura, hezkuntza, herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia oinarri hartuta osatutako egitaraua, irailaren 28tik urriaren 4ra luzatuko dena.

Kilometroak Astea, egitaraua

  • Irailak 28-urriak 3: ‘Kilometroak historian zehar’ erakusketa Zizurkilgo kultur etxean.
  • Urriaren 3ra arte: ‘Mendimetroak’ egitasmoa. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo inguruetan barrena egiteko sei ibilbide, LHko haurrek nahiz DBHko gazteek egin ahal izateko. Ibilbideak maila bakoitzera egokituta daude.
  • Urriak 1, osteguna: ‘Biharko Euskal Eskola’ mahai-ingurua, 19:00etan Amasako kultur etxean. Parte-hartzaileak: Hik HAsi, OinHerri eta Euskal Herriko Ikastolak.
  • Urriak 2, ostirala: Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena, 18:00etan, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. Ondoren, Zirtotsak bertso saioa Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Bertsolariak: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano. Gidari eta gai-jartzaile: Amaia Agirre.
  • Urriak 3, larunbata: Sei urtetik gorako haurrentzat ‘Kalean 12:00etan, 'Kalean otso, etxean uso’ antzezlana Villabonako Errebote plazan (Eguraldi txarragatik Txermingo ikastolako ganbaran). 20:00etatik aurrera, Andoni Ollokiegiren kontzertua leku berean.
  • Urriak 4, igandea: Lekukoaren emate-ekitaldia Zizurkilgo Joxe Arregi plazan 11:00tatik aurrera. 12:00etan, Zubimusuko komunitateari zuzenduta, ‘Zer ginateke gure amona eta aitonarik gabe?’ izenburupean, Kilometroak zikloari itxiera emateko ekitaldia Zubimusuren Txermingo eraikinean.

Egungo egoera kontuan hartuta, ezinbestekoa izango da ekitaldi guztietarako aurrez sarrera eskuratzea. Bertso saiorako sarreren prezioa 10 eurokoa izango da. Kontzerturako, haurren emanaldirako eta igandeko omenaldirako sarrerak doan izango dira, baina Gaizka Ezeizak jakinarazi duen bezala, “doako ekitaldietarako ere sarrera beharko da, aforoa mugatua izango baita”.

Ekitaldietarako sarrerak:

  • Bertso saiorako sarrerak: www. kilometroak.eus, Zizurkilgo Iriarte etxean eta Villabonako Amasa kafetegian.
  • Kontzerturako, haurren ikuskizunerako eta omenaldi ekitaldirako sarrerak: www.kilometroak.eus webgunean.

Sarrerak kilometroak.eus helbidean eskuratu nahi dituztenek, ekitaldi bakoitzerako prestatutako galdetegia beharko dute, bertan zehazten diren datu guztiak zuzen beteta. Behin datuak beteta, email bat jasoko dute izena ematen dutenek, eta email hori ekitaldiaren sarreran erakutsi beharko dute. 

Bertso saiorako sarrerak Iriarte Etxean zein Amasa kafetegian eskuratzen dituztenek, berriz, sarreran bertan horretarako zehaztutako gunean bakoitzaren izen abizenak eta telefonoa idatzi beharko dituzte.

Zubimusu Ikastolak egitarau xumea baino balioetan oso aberatsa osatu duela azaldu du Gaizka Ezeizak, “Kilometroak jaiak duen muinari sakonean helduta”. Ezarrita dauden segurtasun neurriak jarraituz eta errespetatuz, Kilometroak Astearekin bat egiteko deia luzatu du, “urriaren 4tik aurrera ere Korri, Punpa eta Ttak egiten jarraitzeko”.

Tantaz tanta ere Korri, Punpa, Ttak

Aurkezpenaren amaieran, Tanta zozketa martxan dagoela gogoratu du Nerea Zumeagak. “Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da Tanta, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari Tanta txartel bakoitzeko. Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu. Era berean, Tanta txartela erosten dutenek, 60.000 euroko zozketa batean hartuko dute parte”. Gipuzkoako Ikastolen aldeko proiektua eta Zubimusuren 2Zia proiektua babestu nahi dutenek, beraz, Kilometroak.eus webgunean eskura dezakete Tanta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!