Hirigintza batzordeak Larreako parkea estaltzeko proiektua onartu du

Aiurri 2020ko ira. 26a, 15:34

Joan zen asteartean (irailak 22) Larreako haur parkea estaltzea erabaki zen hirigintza eta ingurumen batzordeak eginiko bilkuran. 2014. urtean Antonio Lopez Sanchez arkitektoaren 'Rayuela' proiektuak jaso zuen herritarren babesa, eta horixe gauzatuko da aldaketa batzuekin izan arren

Proiektuak bere baitan biltzen zuen ingurunearen ber-urbanizaziorik ez da egingo. Onartu den azken proiektuak haur parkearen estalpea eraikitzea jasotzen du, eta inguruneko urbanizazioa egun dagoen moduan geratuko da.

Udal gobernuak oso garrantzitsutzat du proiektu hau egikaritzea, Villabonako herrigunean betidanik egon den gune estali gehiago edukitzeko beharrari eta herritarren eskaerari erantzuten baitio. Oraingoan badirudi pausoz pauso, hilabete gutxiren buruan lanak hasteko moduan egongo dela. Udal arkitektoak proiektua aztertu ondoren, "aldeko iritzia" jasotzen duen txostena egin zuen. Beraz, ondorengo urratsa, proiektu honetako lanak zein enpresak egingo dituen zehaztea izango da, eta horretarako, esleipen prozesu publiko eta irekiari hasiera emango dio udaleko kontratazio mahaiak.

Proiektuaren datu nagusiak:

  • Lekua: Larrea auzoko "Behe Nafarroa" izeneko parkea.
  • Estaliko den azalera: 31,43 m x 7,70 m: 242,01 m2.
  • Altuera: 5,19 m.
  • Estruktura: Habeak, pilareak eta uhal metalikoak. Alde motzetan hormigoizko hormak.
  • Estalkia: Polikarbonatozko estalkia.
  • Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua guztira (BEZ barne): 174.176,61 €.
  • Finantziazioa: Udal gerakina (gaur egun 1.373.198,60 euroko funtsa).

Adostasun politikorik ez

Hirigintza Batzordean ez zen erabateko adostasunik izan. Proiektuaren onarpen proposamenak EH Bildu eta PSEren aldeko bozkak izan zituen, eta EAJ-PNVren kontrakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!