Maurizia naz, Aukeran dantza konpainiaren eskutik

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 27a, 18:25

Amasa-Villabonako Udaleko kultur sailak antolatuta, dantza emanaldia eskaini da bigarren asteburuz jarraian igande eguerdian. Aukeran dantza konpainiako kideak izan dira protagonista gaurkoan. 'Maurizia naz' emanaldia eskaini dute Bearzana pilotalekuan (eguraldiaren iragarpen kaskarragatik Errebote plazatik pilotalekura lekuz aldatu baita).

Bost dantzari dantzan. Dantza tradizionala eta garaikidea uztartuz. Dantzan bezala, baita panderoa astinduz ere. Emanaldiaren oinarrian, Maurizia Aldaiturriaga panderojole ezaguna: panderoa joz plazaz plaza ibili zen lehen emakumezko panderojolea, panderoarena ez ezik, bere ahots eta nortasuna lau haizetara zabaldu zituena. Bada, emakume hura gogoan, indartsu aritu dira Maier Muruamendiaraz, Nahikari Sanchez, Unai Iraola, Unai Balerdi eta Uxue Sanchez dantzariak eguerdian. 

Ikusle ugari gerturatu da pilotalekura, eta barruko eserlekuak beteta zirela, giro polita sortu da. Esker oneko txaloak jaso dituzte dantzariek haien eskuetatik.

Erlazionatuak

Maurizia naz

Aiurri 2020 ira 28

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!