Bertan ekimeneko kide, landa eremuetako biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko

Aiurri 2020ko urr. 1a, 11:31

Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak atzo Irurzunen (Nafarroa) egin zen BERTAN foroan hartu zuten parte, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, Iparraldeko Mankomunitateko eta Orozko, Urduña eta Arbizuko udaletako ordezkariekin batera.

Aipatu udalerriak, Amasa-Villabonarekin batera, landa-eremuan gizarte-interbentzioko proiektu aitzindari honetako parte dira, baserrietan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko. Eremu hauetan bizi diren pertsonen portzentaje handi batek adin nagusia du eta oinarrizko zerbitzuetara heltzeko arazoak dituzte.

Beatriz Unzuek Amasa-Villabonako Udalak orain emandako pausoak azaldu zituen bere hitzaldian: "Programa informatiko baten bidez, baserri bakoitza Amasa-Villabonako mapan kokatzeko lehen diagnostikoa egin dugu. Tresna honen bidez, baserri bakoitzean bizi diren pertsonen datuak kontsulta ditzakegu. Beraz, badugu lehen oinarrizko informazioa lanean hasi ahal izateko". Halaber, honako hau azaldu zuen: "gure adinekoekin beren etxebizitzetan harremanak dituzten kanpoko agenteak identifikatzen lan egin dugu. Adibidez, postaria, okina, ondoko baserriko bizilagun gazteena, eta abar. Agente horien lana izango da adinekoekin zuzeneko harremanetan egotea eta esku-hartzeren bat eskatzen duen egoera bereziren bat identifikatzen badute, gure gizarte-zerbitzuei jakinaraztea. Esan beharra dago hori guztia oraindik ezin izan dugula martxan jarri, bizi dugun pandemia-egoera honen ondorioz".

2018az geroztik ekimeneko kide

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuak 2018an hasi zirela ekimen honetan parte hartzen, eta egungo udal-gobernuak lanean eta sakontzen jarraitzeko interesa erakutsi du.

BERTAN proiektua, Europar Batasuneko funtsetatik finantzatzen da, eta lan komunitarioaren eta sektore anitzaren ikuspegia proposatzen du, erronkak diagnostikatuz eta lau lan-ardatzetan konponbideak proposatuz:

  • Eskualde barruko/eskualde arteko garraio egokitua, landa-eremuetako adinekoen erabateko gizarte-partaidetza eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko.
  • Bizileku komunitario egokituak, etxe eta bizitegi arloen arteko trantsizioak, landa-eremuetako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko.
  • Zaintza komunitarioko formulak, zaintzailearen irudia eta familiako atseden-sistemak hobetzea barne (ordezkapen-zerbitzua).
  • Detekzio eta esku-hartze goiztiarreko sistemak, komunitatea mobilizatuz (parte-hartze aktibotik) eta teknologia sozialaren ekarpena barne (GIS).

Amasa-Villabonako udal-gobernua oso pozik agertu da Euskal Herri osoko erakundeekin batera proiektu aitzindari honetan parte hartu ahal izateagatik, eta oso positiboki baloratzen du beste esperientzia batzuetatik ikasteko aukera, aurrerantzean neurri zehatzak hartu ahal izateko Amasamendi, Goiburu, Legarreta eta abarretako landa-eremuetako biztanleei laguntzeko inolako diskriminaziorik izan ez dezaten eta zerbitzuak (publiko zein pribatuak) eskuratzeko aukera izan dezaten.

Hauek dira Amasa-Villabonako Udalarekin batera proiektu honetan parte hartzen duten erakundeak:

Sakanako Garapen Agentzia, Agintzari, CIAS y Irurtzungo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Orozko, Orduña eta Arbizuko udalak, Zabalduz Koop Elk, Communauté d’Agglomération Pays Basque (CAPB), Autonom’Lab, SASOIAK, Syndicat des Mobilités Pays Basque-Adour (SMPBA), Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!