Udalak herriko helduak zoriondu ditu Adineko Pertsonen Nazioarteko egunean

Aiurri 2020ko urr. 1a, 17:36

Urriaren 1ean, Adineko Pertsonen Nazioarteko egunean, Amasa-Villabonako Udalak adineko pertsonei esker ona adierazi die. 'Gu honaino iritsi bagara, haiek lehenago izan direlako da', azpimarratu dute udal ordezkariek.

Amasa-Villabonan badira 100 urtetik gora dituzten bizilagunak: Mª Jesús López, 104 urtekoa; Juani Arregi, 101 urtekoa, eta Gregorio González, 100 urtekoa. Beraz, gaur eguerdian zehar, Beatriz Unzue alkateak eta Arantxa Lopez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adineko hauei tarta bana eskaini diete aitortza moduan. Santiago Egoitzan ere izan dira bertako langileen ezinbesteko lana eskertuz. 

Eta bide batez, zorion-agurra luzatu diete persona helduen familiartekoei, dedikazio osoz laguntzen eta alaitzen baitute haien egunerokotasuna, bizitzeko ilusioari eutsiz.

Zaintzaren garrantzia azpimarratu du udalak

Une hauetan zainketaren garrantzia azpimarratzen jarraitzeko sekula baino arrazoi gehiago dagoela uste dute Amasa-Villabonako Udaleko ordezkariek. "Komunitate-osasuneko programak, pertsona nagusien parte-hartze aktiboa, eta gizarte eta familia-harremanen garrantzia nabarmendu behar dira, adineko pertsonen osasun psiko-emozionalaren mesedetan ezinbesteko ekarpena egiten baitute. Horregatik lanean jarraitzen dugu eta jarraituko dugu! Eskerrik asko! Udalbatza osatzen dugunon eta amasa-billabonatar guztion izenean".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!