Amasa-Villabonako EAJren kritika, Larreako parke estaliaren inguruan

Aiurri 2020ko urr. 2a, 16:00
Olaederrako parkea estaltzea hobesten dute EAJko kideek

EAJ-PNVko udal taldeak oharra igorri du, Larreako parke estaliaren proiektuaren inguruko kritika egiteko. "Proiektu partziala, urbanizazio atalik gabekoa eta oso garestia" dela nabarmentzen du udal taldeak oharrean:

Oharrak azpimarratzen duenez, "EAJ-PNVko udal taldeak,  Larrea haur parkea estaltzeko proiektuaren gain, malgutasun handiagoz eta autoritarismo gutxiagorekin jokatzeko eskatu dio EH Bilduri. Aldi berean, baita gai honi buruz alderdi guztien artean azterketa serio eta sakon bat egitea ere".

Duela egun batzuk, Hirigintza Batzordean parke hori estaltzeko oinarrizko proiektuaren berri eman zen; "proiektu partziala, urbanizazio atalik gabekoa eta oso garestia (175.000 €)".

Lehenengo aldia izan zen proiektu horri EH Bilduk  aurrekontu zehatz bat ematen ziola. "Aurkeztutako diru kopuruak, gorpuztu egiten du urtetan EAJk proiektu honekiko izan duen zalantza. Garbi da, “Rayuela” izeneko hasierako proiektu osoa garatua izan balitz, 300.000 € tik gorako aurrekontua edukiko zuela (eta hori gehiegikeri bat da estrategikoa ez den proiektu batentzat)".

EAJko kideek oharrean azaldu dutenez, "Hirigintza batzordean, Larrea parkea estaltzearen zilegitasuna ukatu gabe, Bilduri eskaera zuzen bat egin zitzaion: hilabete batean, alderdi guztien artean eztabaida-gune bat irekitzea behin betiko erabakia hartu aurretik. Erabakia zertxobait atzeratzeko proposamenak argudio zuzen hauek  zituen:

1.- Bizi dugun krisi ekonomiko larriaren aurrean, elkarrekin jarduteko beharra, lehentasunak ondo birpentsatuz.

2.- Gastuekin zuhur jokatu beharra, “gerrako” aurrekontuak izango ditugulako.

3.- Proiektuak zalantza asko sortzen dituelako.

4.- Gaur egun, udalak onartutako beste barruti estaliko proiektu modernoago eta merkeago bat esku artean dugulako (80.000 €) arazo teknikorik gabe, Larrea parkerako egokitu eta txertatu dezakeguna".

Oharrak gaineratzen duenez,  "jakinarazi zitzaien, 175.000 €ko proiektu partzial hori ez dela auzokoekin kontsultatua izan, ondoko eraikinaren garajeak kaltetuak suertatuko zirela, proiektua egungo paisaia-irizpideen aurka zihoala, eta hormigoizko eta metalezko esparrua zela, hiru aldeetatik itxia zegoena, honek argiztapen-arazoak sortuz eta, ondorioz, herritarren segurtasunari dagokionez, “puntu beltz”arriskutsuak areagotuz.

Halaber, adierazi zitzaien hasiera batean kiroldegiaren atzealderako aurreikusitako 80.000 €ko proiektua askoz modernoagoa zela estetikoki, material arinagoekin egina, mantentze-gastu  gutxiago izango zirela eta, gainera, argiztapen hobeagoarekin. Inpaktu bisual txikiagoa duen proiektua, espazio irekiak sortzeko egungo joerekin bat datorrena. Laburtuz, askoz ere jasangarriagoa. Tolosan, Beasainen edo Donostian dauden beste estalki batzuen oso antzekoa.

Hori gutxi balitz, parkea estaltzearen  premia ez zela hainbesterainokoa esan zitzaien; izan ere, aurreko legealdian tokiko ikastetxeekin hartutako konpromisoei esker, aste gutxiren barruan Arroako Fleming Ikastetxearen eraikinak (udal jabetzakoa) estalitako eremu bat izango du, eta, ezin hobeto, eskolaz kanpoko ordutegian libreki erabil daiteke".

Oharra amaitzeko, "EAJ-PNVk Bilduri bere itxitasuna eta malgutasun eza berriz aztertzeko eskatzen dio: Zergatik, pandemiaren testuinguru honetan, 175.000 € gastatu behar ditugu modu alai batean, beste proiektu jasangarriagoa eta merkeagoa esku artean edukirik?. Non dago arrazionaltasuna?"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!