Patata tropikala antzerki taldearen 'Kalean otso exean uso' antzezlanarekin gozatzeko aukera izan zuten eguerdian Txermingo ikastolara gerturatu zirenek. Amaierarako sorpresa ere prestatu zuten antolatzaileek. Pinpilipauxa, Mitxirrika eta Tximeleta, Kilometroak 20ko maskotak gerturatu baitziren ikastolara. Ondoren, Realeko nesken eta mutilen taldeetako jokalariek sinatutako bi kamiseta zozkatu ziren Kilometroak dendan erosketa egin zutenen artean.
Iluntzean, berriz, musikak hartu zuen aretoa. Andoni Ollokiegi musikari eta kantariak saio indartsu eta alaia eskaini zuen, euskal kantutegiko eta talde ezberdinen errepertorio zabala oparituz. Haur, gazte eta helduak gustura; kantari eta txaloka. Dantza ere egingo zuen askok, baina garai hauetan, gogoari eutsi beste erremediorik ez.
Gaur, igandea, amaiera emango zaio Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak antolatu duen Kilometroak 20 urteari. Aurtengo ediziorako prestatutako bideoklipa aurkeztuko da goizean. 11:00tan lekukoaren emate ekitaldia izango da Joxe Arregi plazan, eta 12:00etan, Txermingo ikastolan amona eta aitonei eskainitako omenaldiarekin itxiko da zikloa.